- Lazkaoko Udalak 900 maskara banatu ditu 70 urtetik gorako herritarren artean, hain zuzen, COVID- 19 birusarekiko arrisku handienekotzat jotzen direnen artean.

Banaketa aste honetan egin da, eta jardun horretan aritu dira Udal langileak. Segurtasuna inoiz baino garrantzitsuagoa bihurtu den garai hauetan, badakigu ezin dela harreman zuzenik izan. Horregatik, 70 urtetik gorako lazkaotarren buzoi-etan utzi dituzte maskarak.

Udalak ekimen hau abitu nahi izan du arrisku handieneko herritarren segurtasuna bermatzea beharrezkoa delako: "Pertsona horiek oinarrizko kudeaketak egitera irteteko maskara bat izan dezaten ziurtatzea da gure helburua, haien osasuna behar bezala mantendu ahal izateko pandemia garai honetan", zehaztu dute. Nahiz eta maskarillak banatu dituzten, Udala lanean ari da gehiago eskuratu ahal izateko, beharrezko tramiteak eginez. Kasu horretan, beharra duten herritarrei banatzeko asmoa dago.

Ez da egin den ekimen bakarra 70 urtetik gorako herritarrei zuzenduta, izan ere, Udala telefono bidez harremanetan dago haiekin, bizi dituzten egoeren eta beharren berri izan, eta ahalik eta modu zabalenean laguntza emateko. Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkateak, hala azaldu du: "Pandemiaren aurkako egungo edo ondorengo fasean, pertsona zaurgarriak egon daitezke, osasun, adin edo bestelako arrazoiengatik etxetik atera ezin direnak edo atera behar ez dutenak".

Horregatik helburua da Lazkaon bizi diren adineko edo mendekotasuna duten pertsonen eguneroko bizitzan behar-beharrezkoak diren oinarrizko zerbitzuei erantzun bat ematea; bereziki bakarrik bizi direnei edo familiaren laguntzarik ez dutenei. Behar horien artean aurki-tzen dira, esaterako, ezinbestekoak direnak: elikagaiak, higiene eta garbiketa produktuak, eta Osasun Txartel Indibidualean agindutako botikak jasotzea. Hala, adin multzo horretan daudenak babestu nahi ditu Udalak, ahalik eta erraztasun gehien emanez.