San Prudentzioak ospatzen etxetik atera gabe

01.05.2020 | 01:31
Lazkaotar bat, kuadrilen blusarekin, topa eginez. Argazkia: N.G.

lazkao – COVID-19 birusak eragindako pandemia existitu ez balitz, atzo kuadrila eguna ospatuko zuten Lazkaon. Hala ere, festa alternatiboak jarri dituzte martxan eta etxetik atera gabe ere, argi ikusi daiteke San Prudentzioak ospatzen ari direla.

Atzo, 13.00etan, topa egin zuten leiho eta balkoietan, kuadriletako blusak bertan jarrita. Urrun badaude ere elkarren artean, lagun taldeen babesa sentitzeko modua izan zen, dudarik gabe. Hala, kolorez bete ziren Lazkaoko etxeak, normalean kalean ikusten den irudia eraikinetara eramanez. Egun honetan ateratzen dira kalera ohiko blusa eta koloredun alkandorak jarrita, eta normalean egun osoko festa izaten dute aurretik. Atzo hala izan ez bazen ere, festak gune ba-tzuetan ez zuen ordutegirik izan eta etenik gabe ospatu zuten.

Herenegun, berriz, haurrek izan zuten ardura hori eta leiho eta balkoiak globo eta halakoez bete zituzten askok. Egunotan herritarrek bat egin dute Udalak egindako deiarekin, txupinazo egunean ikusi zen moduan. Hain zuzen ere, aurten Drindotsen eskutik etorri da festen hasierako mezua. Bitartean, herriko megafoniatik taldearen hitzak ziren entzungai. Ohiko festak izango balira, beraiek egongo ziren Udaletxeko balkoian, baina egoerak behartuta ezin izan ziren gerturatu. Lazkaotarrek ere gomendioak jarraitu eta etxeko balkoi eta leihoetan eman zioten hasiera festei.

Mozorroak ere ikusgai izan dira egunotan. Larunbatean izan zen deigarrienetakoa, non Lazkaoko Gazte Asanbladak egindako deialdiak harrera ederra izan zuen. Amaitu dira beraz ezohiko San Prudentzioak eta hilaren 9an Lazkaomendiko jaien txanda izango da.