- Inor ez du ezustean harrapatu Beasaingo Loinatz jaiak bertan behera uzteak koronabirusaren pandemiak behartuta. Hala ere, erabaki ofiziala orain eman dute eta herritarren Batzordea eta Udal alderdi guztiak bat etorri dira hartutako erabakiarekin.

Osasun-alarma egoera eta konfinamendu epea luzatuko zela ezagutu ostean, garbi geratu da jende-pilaketak gertatzen diren ekitaldiak burutzea ezinezkoa dela. Ondorioz eta egoera bere onera epe laburrean behintzat etorriko ez denez, jaiak ez ospatzeko erabakia ofizial egin da.

Beasaingo festak eskualdeko jai jendetsuenak izaten dira. Izan ere, normalean udaberri giro ederra egin ohi du eta uda usaina hartzen hasten da jendearengan. Aurtengoan, baina, ez da hala izango. Erabaki hori dela eta, Kultura saileko Xabier Matarranz zinegotziaren bitartez, harremanetan izan dira Udalerriko elkarte, gizarte eragile, herri ordezkari eta jai batzordeko kideekin, erabakiaren berri emateko.

Jaietarako hilabete falta den arren, ez dira ospatzeko baldintza egokiak ematen.

"Erabakia espero bazen ere, tristura sortzen du ezpairik gabe", zehaztu dute Udal ordezkariek. Hala, ez Beasain eta bere Loinatz jaiak ez dira salbuespena izan ospakizun herrikoiak bertan behera geratzen ari diren honetan.

Aurten urtea amaitu aurretik jairik edo beste ospakizunik izango den edo ez ez dagoela jakiterik gehitu dute, nolabait ate bat zabalduz aurrerago izan daitezkeen data aukerei. "Pandemiaren bilakaerak eta garaian garaiko arduradun eta agintarien erabakiek marraztuko dute jarraitu beharreko bidea".

Oraintxe Lazkaon ere festan murgilduta egon behar zuten. Ezintasunaren aurrean imajinazioari bide eman eta festa alternatiboak antolatu dituzte, sare sozialetan eta etxeko leiho eta balkoiak festa leku bihurtuz. Beasaingo Loinatz Jaiak noiz ospatuko diren, edo ospatuko diren ere ez dago aurreratzerik oraingoz, eta denborak esango du halakorik egiteko aukerarik izango den. Hala ere, ziur, festa egunak iristen direnean Lazkaoko eredua jarraituko dutela askok, modu batean edo bestean ospatzeko.