ilabete baino denbora gehiagoz etenda egon ostean, gaur berriz ere Lazkaoko azoka bueltan izango da goizez bakarrik, eta ordutegi mugatua izateaz gain, segurtasun neurriak ere zorroztu egin dituzte erosle eta saltzaileen segurtasuna bermatzeko asmoarekin.

Kepa Zubiarrain alkateak nabarmendu du Lazkaoko Udalak azoka honetan bertako ekoizleen produktuen salmenta indartu eta bultzatu nahi duela, "ekoizleak eta lehen sektorea babestu eta hurbileko produktuen kontsumoa sustatzen jarraitzeko helburuarekin". Horregatik, eta ikusita komertzioak eta ekoizleak pairatzen ari diren egoera latza dela, "tokiko produktuak eta zerbitzuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratzea beharrezkoa dela uste dugu", azaldu du alkateak.

Gauzak horrela, Ordiziako azokaren moduan, ezohiko egoerara egokitutako merkatua izango da Lazkaon egingo dutena. Hain zuzen ere, martxoaren 14an, erabaki zuten astelehenero herrian burutzen den azoka ez egitea, eta ordutik Lazkaoko plaza hutsik dago. Horren ostean etorri zen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren mezua, lurralde osoko elikagai azokak bertan behera uztea erabaki zuela agertuz. Jakina denez, azkenean Eusko Jaurlari-tzak debekua atzera botatzea erabaki zuen, eta joan den asteartean dagoeneko oinarrizkoa ez den industria jarduerak ere berriro martxan hasi ziren.

Horren aurrean, Udaletik azaldu dute ezarritako neurriei jarraituz "egoera berrira egokituko" dela astelehenetako azoka hau, baina berriz ere antolatzeko asmoa dutela.

Gauzak horrela, gaur hasiko da ekimen hau eta hemendik aurrera astelehenero errepikatuko da. Ordutegia, berriz, goizeko 9.00etatik 12.00etara bitartekoa izango da, eta elikagai postuak bakarrik jarriko dira; beraz, landareak eta halakoak ez dira salgai egongo azoka honetan. Hamar izango dira guztira, eta azokarako sarrera eta irteerak Udal langileak kontrolatuko dituzte, aforoa mugatua egongo baita.

Osasun, segurtasun eta higiene neurri zorrotzak ezarriko dira saltzaileak zein herritarrak babesteko, eta ziurtasun guztiekin ospatu ahalko da modu horretan asteroko azoka.

Dudarik gabe, albiste pozgarria lehen sektoreko baserritarrek haien produktuak saltzeko aukera izango dutelako, eta herritarrentzako ere bai, bertatik bertara kalitatearen aldeko apustua egiten jarraitu ahalko dutelako, herriko baserritarren produktuak erosiz eta herrian erostearen garrantziari beste bultzada bat emanez.