- Haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera eta ezagutzan eragiteko helburuz antolatu ditu bigarren urtez Beasaingo Udalak uda honetarako Euskarazko Beasaingo udaleku irekiak.

Legealdi planean jasota geratu zen egitasmoa da eta horren aldeko apustua egin dute beste behin. Udalaren hizkuntza politika sailetik euskararen erabilera haurren artean sustatzeko ekimena da hau, eta iazko urtean lortutako arrakasta ikusita, aurten ere ekintza antolatzea erabaki dute.

Derrigorrezko hezkuntza formaletik kanpo ere eragin nahi du Udalak herritarrek duten euskararen erabileran, eta horren arrazoia da modu informalean aisialdirako Udal eskaintza zabaldu dutela. Hala, udaleku irekien egitasmoak dagoeneko martxan dagoen hizkuntza errefor-tzurako zerbitzuari jarraipena emango dio. Azken honetan, ikasturtean zehar, aste egunetan eskaintzen dira klaseak bi Udal espazioetan, hizkuntzarekin zailtasunak dituzten haurrei eta eskolatik kanpo euskaraz hitz egiteko aukera gutxi dutenei euskara hobetzeko zerbitzua emateko asmoarekin. Beste horrenbeste gertatzen da kirolean euskara txertatzeko eta bultzatzeko Euskara oinarritik egitasmoarekin, non herriko bi kirol talde nagusietan lantzen ari diren euskararen erabilera eta horren aldeko apustuek sendo jarraitzen duten.

Beasaingo euskarazko udaleku irekiak uztailaren 20tik 29ra burutuko dira Nafarroako Astitzko aterpean. 2007-2011 urteetan jaiotako haurrentzat zuzendua dago eta izen-ematearen hurrenkera errespetatuko bada ere, beasaindarrek lehentasuna izango dutela jakinarazi dute Beasaingo Udaletik. Plaza kopurua 50 haurrentzako mugatua izango da, eta izen ematearen prezioak, berriz, honakoak. Seme-alaba baten izen ematea 150 euro kostatzen da, bi senideena 255 euro. Familia ugarien kasuan deskontuak izango dituzte eta seme-alaba batengatik 120 euroko izen ematea ordaindu beharko da, bi dituztenenak 225 euroko kostua du eta hiru senideena 300 eurokoa izango da.

Dagoeneko zabalik dago epea eta tramite hori egiteko fitxa bat bete beharko da. Hori www.beasain.eus webgunean aurkitu daiteke edo bestela kultura sailean ere eskuragarri dago; bertara joan eta eskatzea besterik ez da egin behar. Orria bete ostean udalekuak@beasain.eus helbidera bidali behar da.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, bestalde, Beasaingo Udaleko 943 028063 telefonora deitu daiteke

Modu honetan, beasaindar gaztetxoen artean euskararen ezagutza eta batez ere erabilera kopuruak gora egin dezan lortu nahi dute, eskolatik kanpo ateraz hizkuntza eta aisialdian ere erabilgarria dela erakutsiz gaztetxoei. Aurten ere, iazko arrakasta lortzea espero dute Beasaingo Udaletik.