- Martxoaren 8ko aitzakiarekin atera ziren beste behin ere kalera Ordiziako Barrena margolaritza ikasle emakumeak. Helburua haien lana erakustaraztea izan zen ohiko moduan, eta horregatik margoak eta behar zuten material guztia hartuta atera ziren Udaletxeko arkupe azpira. Era berean, beste hainbeste izan ziren harengana gerturatu zirenak beraien lana gertutik ezagutzeko asmoz. Orain lan horiek guztiak ikusgai jarri dituzte Barrena jauregiko beheko solairuan, nahi duen orok goza dezan sorkuntzaren ondorioaz. Hain zuzen ere, bihar arte egongo da zabalik erakusketa hau. Hamaika lan daude ikusgai, eta ikasle bakoitzak bere estiloa eta gustuak islatu ditu margo bidez. Esaterako, Txindoki agertzen den irudi bat edo beste badago, eta baita ere pertsonak eta egunsentiak jasotzen dituztenak ere. Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldarrikapenak ez du amaierarik eta martxoak 8a pasata ere, presente segitzen du.