Hondartza bat. Zumaiako Itzurun gustatzen zait Gipuzkoan gehien.

Mendi bat. Zalantzarik gabe, Aizkorri.

Paisaia bat. Arranotik Urretxura dagoen ikuspegia oso gustokoa dut.

Festa edo ekitaldi bat. Urretxuarra izanda, herriko jaiak. Giro ederra izaten da eta lagunekin egoteko aukera paregabea da.

Zure txoko gustokoena. Ba-tzuk baldin badaude ere, Irimo mendia.

idiazabal - Idiazabalgo Udalak otsailean jarri du abian herrian Mugimugi kirolean hasteko orientazio zerbitzua, Zelaa kiroldegian. Mikel Iturriotz urretxuarra da zerbitzu hori zuzenduko duen arduraduna.

Orain gutxi jarri da martxan Idiazabalen Mugimugi zerbitzua. Zer da, zehazki?

-Orientazio zerbitzu hau Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Mugiment zerbitzutik abiatutakoa da. Herri bakoitzak bere ezaugarrien arabera jartzen du abian, eta hori da egingo duguna.

Eta zein helburu nagusi ditu?

-Jarduera fisikoa egiten ez dutenei bideratuta dago batez ere, bizitza aktiboa eramaten ez dutenentzako. Sedentarismoa gainditzea da egitasmoaren xede nagusia. Hau da, ez da maratoiak prestatzen dituztenen-tzako, baizik eta orain arte kirolik egin ez dutenentzat edo zenbait arrazoi medio, utzita daudenentzat.

Lehenengo saioak zer moduzkoak izan dira? Nolako harrera izan du?

-Hasiera da oraindik ere, baina nik uste dut poliki-poliki indartzen joango den zerbait dela eta geroz eta jende gehiago animatuko dela bai orientazio zerbitzua erabiltzea eta baita kirola egitera ere; hori baita lortu nahi duguna.

Zelaa Kiroldegian eskaintzen da zerbitzua, zein ordutegitan?

-Astean bi egunetan egongo da zabalik; asteartetan 09.30etik 10.30-era eta 18.00etatik 19.30era, eta ostegunetan, berriz, 10.30etik 12.00etara egongo da zabalik Zelaa kiroldegian jarrita dugun bulegoan.

Nahiz eta orientazioa irekita dagoen edonorentzako, batez ere, zeini zuzenduta dago?

-Eragileren batek bideratuta edo norbanakoek etorri ahal izango dute. Aurrez aurre elkartu nahi dutenek helbide honetara idatzi beharko da zita eskatzeko: izalmugi@gmail.com. Bestalde, anbulategitik, ikastetxetik edo gizarte zerbitzuetatik ere bideratuko dizkigute herritarrak. Lanean hasteko, bi kolektibo zehatz identifikatu ditugu egin dugun ikerketaren ondoren: batetik, 12-17 urte bitarteko emakumezko nerabeak, eta, bestetik, ama izan ondoren, bultzada berezia dutenak berriz ere kirola egiten hasteko. Batez ere bi multzo horietako emakumeak gerturatu nahi ditugu bizitza aktibo batera.

Eta zer nolako funtzionamendua izango du?

-Guretzako garrantzitsua da pertsona ezagutzea, zer gustatzen zaion jakitea eta, ondoren, herrian dagoen kirol eskaintza eta baliabideak kontuan hartuta, kirolen batera bidera-tzea; modu errazena hori da. Beraz, ideia nagusia da dagoeneko antolatuta dagoen zerbaitera batzea orientazio zerbitzura etortzen den pertsona. Horregatik, herriko elkarteetako ordezkariak ere orientazio zerbitzuari buruz jakinaren gainean daude. Bestalde, gimnasioan ere eskainiko dugu zerbitzua, pertsonaren beharraren arabera kirol batzuk gomendatu ahal izateko. Baina, esan bezala, hau ez da kirolean asko ibiltzen diren pertsonei zuzendutako zerbait, baizik lehen urratsak emateko.

Onura nabarmenak ekartzen ditu bizitza aktiboa izateak, ezta?

-Fisikoki, gaixotasunak prebenitu edo atzeratzeko balio du. Bestalde, garunean ere onurak ekartzen dituela ikusi dugu, osasun mentalari dagokionean. Harremanetarako ere balio du, izan ere, integrazio tresna bat da.