Zuhaitz Eguna ospatu zuten atzo Ordiziako ikasleek, eta izenak berak argi uzten duen moduan, zuhaitzen inguruan egin zuten ekimena, Ordiziako Udalak bultzatuta.

Urtero egiten den egitasmoa da hau; orain arte ehunka zuhaitz landatu dira herriko gune desberdinetan, eta gaztetxo asko izaten dira oraindik ere haien landatutako zuhai-tzen lekuez akordatzen direnak.

talde lana Gauzak horrela, aurten aukeratutako lekua Agirrebide izan da, CAFetik N-1era irteteko bidean, Guardia zibilaren parean.

Goizeko 9.30etarako, puntual agertu ziren Jakintza Ikastolako 75 ikasle. Behar bezala prestatuta, animoz eta arropa egokiarekin agertu ziren guztiak, zuhaitzak landatzeko prest. Poliki-poliki, Udal langileak zeuden lekura gerturatu ziren, eta han azalpenak eman zizkien. Urkiak eta liquidambarrak landatu behar zituzten, eta askorentzako, lehen aldia zen atzurra hartu eta halako zerbait egiten zutena. Beste batzuen kasuan, ordea, gertutik bizi izan dute baserri mundua eta dagoeneko esperientzia hartuta dutenez, erraztasun handiagoarekin aritu ziren erramintekin.

Egin beharrekoa ez zen lan zaila, baina. Lehenbizi, taldeka banatu, eta ondoren, arbola baten parean jarri behar izan ziren. Udal langileek zuloak egiten aritu ziren eguneko lehen orduetan, eta horregatik zulo gehienak eginda zeuden. Hori ikusita, taldeak haren arbola lurrean sartu, eta ingurua lurrez betetzea zen eginkizuna.

"Iruditzen zaigu oso ekintza garrantzitsua dela hau, azken finean, zuhaitzak onura asko ekartzen dizkigute", azaldu zuten Maitane Bonastre, Elene Galparoso, Maren Basarte eta Eneritz Altunak osatutako taldeak.

Hala, ia ordubetez aritu ziren lan hauek egiten, eta horien ostean Urdaneta Ikastetxeko ikasleen txanda izan zen. Kasu honetan, 64 ikasle gerturatu ziren lan berdina egitera. Hauek ere ondo prestatuta agertu ziren Agirrebidera, eta gogor aritu, gainera, lanean.

"Oso esperientzia polita iruditzen zaigu gaur, lehenengo aldia da halako zerbait egiten duguna eta berriz ere errepikatuko genuke, dudarik gabe. Gainera, CO2 hartu eta oxigenoa itzultzen digute, gu bizitzeko beharrezkoa duguna", gehitu zuten Eneko Leon, Odei Garmendia, Ibai De Marcos eta Mohamed Abida ikasleek.

Bai Jakintzako eta bai Urdanetakoek argi dute landatzea egiteke ederra izan bada ere, orain jarraipena egingo diotela. "Etorriko gara bisitan ikusteko nola hazten diren guk landatutako zuhaitzak", zehaztu zuten ikasleek.

beste urtebetez Ordiziako Udalak betidanik izan du konpromezua ingurumenarekin eta horregatik babestu dute hasiera-hasieratik ekintza hau. Maitane Alvarez, Ingurumen zinegotziak hala azaldu zuen: "Leku hau hautatu dugu aurtengoan espazio zabala dagoelako, eta jendea hemen inguruan ibiltzen delako paseatzen. Landatu dituzten zuhaitz hauek itzala emango dute, eta, bestalde, nolabait jantzi egingo dute inguru hau".

Gauzak horrela, 30 zuhaitz gehiago daude orain Ordizian, herriko ikasleek landatuta. Horrek badu, garrantzia, partaide bihurtzen direlako ingurumenarekin lotura duten ekimenetan, eta naturarekin kontaktuan daudelako.