ordizia - Martxoaren 6an, ostirala, eta 7an, larunbata, egingo da Ordizian merkatari elkarteak beste urtebetez antolatu du kale azoka. Egun osoan zehar luzatuko da, goizez eta arratsaldez.

"Ekintza honetan parte hartzeko deialdia luzatzen diegu interesa izan dezaketen herriko saltoki guztiei", azaldu du Aitor Velazquez, Ordizian merkatari elkarteko ordezkariak.

Merkatari elkarteak ekimen hau Udalarekin elkarlanean batera antolatzen du urtero, hain zuzen ere, neguko merkealdiei amaiera eman eta udaberriko kanpaina aurkeztu aurretik egingo da. Modu honetan, neguko arropak salgai jarriko dituzte ekimenean parte hartzea erabakiko duten saltokiek. Denden produktuak hauen aurrealdean, kalean, ikusgai jartzeko eta eskaintzeko baliagarria den ekintza hau buru-tzea erabaki du elkarteak, eta merkataritza sektorea honetan parte hartu dezan animatu nahi du.

Hala, beherapenak egongo dira herrian zehar jarriko dituzten postuetan, baina hau ez da stock azoka izango, eta, beraz, plazan ez da postu bakar bat ere jarriko. Hori irailean egiten den ekimenaren parte da, baina bestela, funtzionamendu bera izango du kale azokak. Denda bakoitzak bere eskaintzak ikusgai jarriko ditu, eta herritarrek zein gerturatzen direnek deskontuez goza-tzeko aukera izango dute kale azokak irauten duen bi egunetan.

izen-ematea Saltoki bakoitzak, bere nahiaren arabera, bere dendaren aurrealdean edo herriko beste gune egoki batetan kokatzeko aukera izango du. Informazioa eskatu eta izen-emateko azken eguna otsailaren 26a, asteazkena, izango da 636 513 495 telefonora deituz, WhatsApp bidez edo ordizian@ordizian.eus helbidera idaztea da izena emateko. Bertako merkataritzaren aldeko apustua egiteko ekimena da hau, eta elkartetik indartu egin nahi dute bertako merkataritza.