ormaiztegi - Igandean Sahara Kros Mohamed Salem Hack Embarekren oroimenezko lasterketaren ospatu zen Ormaiztegin eta guztira 200 korrikalari lehiatu ziren. Beste behin, solidaritatea izan zen garaile eguzkia nagusi izan zen egunean.

Goizeko 10.00etarako giro ederra atera zen herrian, eta korrikalariez gain, asko izan ziren lasterketara gerturatu zirenak partaideei anima-tzeko helburuz. Nahiz eta lehiatzea ez zen gauzarik garrantzitsuena, proba amaitzen lehena David Rua elorriotarra izan zen, 31:22ko denbora eginez. Haren jarraian sartu zen helmugan Laudioko Koldo Ayesta (31:34) eta segidan Lasarte-Oriako Raul Gomez iritsi zen, 32:21eko denbora eginez.

Emakumezkoetan, berriz, Lourdes Colomo izan zen lehena, 39:55eko denboran osatuz hamar kilometroak. 41:05eko denboran sartu zen Eguzkiñe Zabaleta donostiarra, zilarrezko postua lortuz, eta hirugarrena Itsasne Galfarsoro legazpiarra izan zen, 41:23an geldituz kronometroa.

Bost kilometroko ibilbidean, bestalde, lehen postuan Jokin Bellido gelditu zen, ondoren Garikoitz Uzkudun heldu zen eta hirugarren Gorka Gil. Emakumezkoen kasuan, aldiz, Ane Mitxelena izan zen azkarrena ibilbide laburra osatzen, eta bere ostean iritsi ziren Arantxa Atxukarro eta Amaia Aristu.

200dik gora Aurten ere bi ibilbide antolatu ditu antolakuntzak; luzea 10 kilometrokoa, eta laburra 5,4ekoa, zehazki. Herrigunean hasi eta amaitu zen lasterketa herrikoia.

Partaidetza zabala izan zuen beste behin, hain zuzen, 134 lagunek amaitu zuten lasterketa luzea, eta 80 izan ziren txikia osatzeko gai izan zirenak. Horiek amaitu ostean, kilometro bateko lasterketa testimoniala egin zuten, hain zuzen, Sahararen herriaren elkartasuna adierazteko balio izan zuen eta distantzia horiek egitera animatzen ez zirenek ere festarekin batzeko aukera izan zuten modu horretan.

Garrantzitsuena, baina, Saharako herriaren egoera salatzea izan zen. Okupatutako lurraldearen askatasuna berretsi nahi izan zuten ekitaldi honekin, eta parte hartu zuten korrikalari guztiek ordaindutako izen-ematearen dirua Saharara bideratuko da beste behin.

14 urtea da lasterketa hau antola-tzen dutena, eta lortutako diruarekin Mendebaldeko Saharan proiektuak garatu nahi dituzte. Iazko kasuan, ur edangarria eta bestelako hainbat oinarrizko baliabide erosi ahal izateko erabili zen eta aurten ere ekimen berera bideratuko da dirua.

Mohamed Salem Hach Embarek Ormaiztegin bizi zen eta hil ondoren haren omenezkoa egin zuten lasterketa. Diplomazia lanak egin zituen munduko hainbat txokotan 1976etik, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren ordezkari.