beasain - San Martin eguna da gaur, Beasaindarren zaindariaren eguna. Jai egun izendatu zuten otsailaren 5ean Loinazko San Martin misiolari beasaindarra hil zutelako eta urtero, data berezi honetan bertako Odolkiaren Kofradiak ospakizuna egiten du, eta kofradiaren kide berriak izendatu. Udalarekin eta Aranealde elkartearekin batera antolatu duten eguna izanik, hainbat ekitaldik beteko dute egitaraua.

"Egun hau beasaindarron artean data seinalatua izaten jarraitzea da asmoa, eta egunari balioa emateko asmoz ekitaldiak egitarau bateratu batean azaltzen ditugu, elkarrekein lana eginez", azaldu du Aitor Aldasoro, Beasaingo alkateak.

Aurten, kofradiak 35. kapitulua ospatuko du eta bertako kide berriak Ander González sukaldaria eta telebista aurkezleak eta Beasaingo Arrastaka Mendi Taldeak, Ehunmilak lasterketen antolatzaileak jasoko dute. Ohore handiz jasoko dute kargua, eta hemendik aurrera beasaindarren errekonozimendua izango dute, orain arte moduan.

Juanjo Ganzarain kofradiako kideak adierazi du aurten 25 kofradietako ordezkariak izango direla Beasainen, iaz baino lau gehiago, eta txoko desberdinetatik etorriak izango dira, gainera: hamar Hego Euskal Herritik, bost Nafarroatik, lau Iparraldetik, bi Asturiasekoak izango dira, eta honako hauetatik bana: Galizia, Kantabria, Errioxa eta Cordoba. Ekitaldi nagusia Loinazko San Martin plazan eguerdiko 12.00etan izango bada ere, kanpotik datozen kofradiei ongietorria egingo zaie aurretik eta meza nagusia izango dute, zaindariaren estatuan lore eskaintza eta dan-tza egin ostean, ondoren, odolki dastatze herrikoia eta adiskidetasun bazkaria ere egingo dira.

omenaldien txanda Aranealde jubilatuen egoitzako kideentzako ere egun berezia izango da, izan ere, bazkide diren helduenei omenaldia egingo zaie. "Aurten, 91 urte dituen Carmen Cerdeira Rodriguez eta 92 urte dituen Maximo Ibañez Gomez izango dira omenalditxoa jasoko dutenak", azaldu du Carlos Posa, Aranealde elkarteko ordezkariak. Gauzak horrela, eguerdian zentroko bazkideentzako hamaiketakoa eskainiko dute, eta arratsaldeko 17.00etan egingo da ekitaldia. Horren ostean, Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko haurren dantza saioa izango da, eta segidan Aranealde elkarteko Lerro dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Egunari amaiera emateko, Gurea abesbatza ere batuko da jaialdira eta saioa eskainiko dute. Dantzaldia, gutxi gorabehera, 21.00ak arte luzatuko da.

Kirolak eta musikak ere izango du bere tartea gaurko egunean, gastronomia eta omenaldiak amaitu ostean. Hain zuzen, Murumendi pilota eskolako haurren partiduak arratsaldeko 17.00etan jokatuko dira Gernika pasealekuko frontoian. Etorkizuneko pilotariak ikusteko aukera ezin hobea izango dela gogoratu dute antolatzaileek eta bide batez, jai egunari erritmoa eman eta gorputzak dantzan jartzeko asmoarekin Bentazaharreko mutiko alaiak taldeak arratsaldean zehar hasi eta pare bat orduz emanaldia eskainiko du, beasaindarren egun handi eta nagusia behar bezala ospatzeko asmoarekin.