Atzo goizean, txotx denboraldiari hasiera eman zioten Goierri Turismoko kide diren zazpi sagardotegik: Altzagako Olagik, Ataungo Urbitartek, Legorretako Auliak, Olaberriako Etxe-Zurik, Ordiziako Tximistak eta Zeraingo Oihartek.

Seigarren urtez jarraian, elkarrekin eman zioten ongi etorria sagardo garai berriari, eguraldi onarekin batera, ia familia giroan. Aurtengoan, Andoni Aizpuru eguraldi-emaile gabiriar ezagunak izan zuen lehen tragoa hartzeko ohorea. Lehen kupela ireki baino lehen, ordea, Jose Antonio Iparragirre, Otatzako nagusiak hartu zuen hitza.

Txotx-erako itxura "ona" zuela gehitu zuen zeraindarrak, nahiz eta alkohol kantitateari ere egin zion erreferentzia: "Gu berandu xamar hasi gara sagardoa egiten, eta gure kasuan, agian, alkohol gehiegi du". Bertan zeudenen barrea sortu zuen adierazpenak, baina azalpenei eutsi zion Iparragirrek: "Kasu batzuetan, Iparraldeko kostaldean eta, azukrea bota die alkohol maila baxua zuelako eta hori igotzeko. Guk, behintzat, horretan ez dugu arazorik izango; bai, ordea, sagardoa botilan azkar sartzeaz".

Alkohol maila altua izango du, beraz, Otatza sagardotegiko sagardoak, eta baita Ataungo Urbitartekoak ere, Demetrio Terradillos, bertako nagusiak azaldu moduan. "Bai, aurtengoan alkohol maila altu xamarra lortu dugu sagardoan". Hori, baina, ez da Goierriko sagardotegi guztietako errealitatea. Esaterako, Ordiziako Tximista sagardotegian eta Zeraingo Oiharten ohiko mailan dute alkohola, agian beste urteetan baino zertxobait baxuagoa.

Horren arrazoia azaldu zion egunkari honi Juan Zuriarrain etnologoak: "Sagar motak eta zein garaitan jasotzeak eragin zuzena du. Baina, azkenean, sagardotegi bakoitzak bere identitatea du eta horri eusten dio. Sagarrak abuztutik egoten dira dagoeneko erabilgarri, baina normalean beranduago hasten dira. Badaude sagardotegi batzuk haien sagardoa egiteko sagar freskoagoak erabiltzen dituztenak, eta horiek normalean fruitu zapore handiagoa izaten dute. Bestalde, heltze maila handiagoa duten sagarrek gorputz gehiago ematen die sagardoari". Adituaren esanetan, ez da erraza izaten iritzi edo definizio bakar bat ematea denboraldiko sagardoari, izan ere, "bakoitzak bere estiloan" egiten duela azaldu zuen, jaso dituzten ohitura edo egiteko moduen arabera, eta horregatik sagardo askok elkarren artean ez dutela antzekotasunik izaten gaineratu zuten.

sagar "gehiegi" Iparragirreren esanetan, "sagar urte oso ona" izan da aurtengoa, "ikaragarria". Hala ere, sagarrondoek "gehiegi" eman dutela iritzi du. Kantitatearekin pozik badaude ere, bere buruhausteak sortzen ditu horrek, izan ere, sagar asko ez dira bildu eta lurrean bertan gelditu dira, usteltzeraino. "Arazo bat izan liteke hori, izan ere, egun, badago belaunaldi jarraipen falta eta ez dira asko izaten sagarra biltzera joaten diren gazteak, beste garai ba-tzuetan egiteko ohitura zen moduan". Oiharteko Haritz Egurenek bat egin zuen pentsamendu horrekin: "Sagar gutxi izatea ez da ona izaten, baina hau ere ez, urte aparta izanda ezin duzulako guztia jaso".

amorratua Gabirian sagardotegirik ez badago ere, sagardozale "amorratua" dela agertu zuen Aizpuruk. Goierri Turismo berarekin harremanetan jarri zen txotx irekiera egiteko eta albistea poz eta gogo handiz hartu zuen: "Beterriko Kofradiako kide naiz eta Bizkaiko sagardo denboraldia ere zabaldu nuen. Esan liteke ia-ia zain nengoela eta deitu zidatenean ohore eta gustu handiz esan nuen baiezkoa". Gabiriarrak ere egin zuen hausnarketa: "Baserri inguruan bizi naiz, eta baditut nik ere sagarrondo batzuk. Sagar guztiak biltzen ditugu, baina ikusteak batzuk jaso gabe gelditzen direla penagarria da, eta zer pentsatua ematen du, dudarik gabe". Segituan, edalontzia kupelara gerturatu, eta segituan eman zion lehen tragoa. "Ona!" esan zuen, irribartsu.

identitatea Niko Osinalde, Goierri Turismoko zuzendariak nabarmendu duenez, "sagardoaren inguruan unibertso bat sortzen da". Izan ere, bisita ugari izaten dira Goierriko sagardotegietara eta askok, eskualdea bisitatzearekin batera bertara joaten dira bazkari edo afariak egitera. Produktu turistiko argia da sagardotegien bueltan sortzen dena, eta horregatik, Goiturrek online gida bat sortu du, non elkarrizketak egin zaizkien sagardotegietako ordezkariei eta haien historiaren inguruko nondik norakoen berri jaso daitekeen.

Horrez gain, lauzpabost hilabete hauetan "denboraldi ona" osatzeko nahia helarazi die, eta eguraldiak ez diezaiola kalterik egin aurtengo uztari. Hala, goierritarrei gonbita zabaldu die bertako edozein aukeretara joan eta halako esperientziaz gozatzeko.