beasain - Beasain eta Ordiziako Udalak konprometituta daude bai birziklapenarekin eta baita berrerabilerarekin ere. Orain aste batzuk Ordizian jarri zuten abian Trukegunea, eta Beasainen ere txoko bat bideratuko du Udalak ekimen honetarako, hain zuzen ere, trukean oinarritutako esperientziaz baliatuz kontsumo arduratsua eta birziklapena bultzatu nahi dira.

Bide batez, haurrek Gabonetan opari moduan jasotzen dituzten jolasak berrerabiliak izateko aukera ere erraztu nahi da, eta, era berean, trukearen bidez eman eta jasotzea bi aldeak gozagarriak direla sentiaraziz eta jostailu berri bat edo berritasun horri garrantzia kenduz. Era honetan, objektuei bizi berri bat emateko modua da Trukegunea, jostailuek norbere familiari asko eman ondoren, beste haur batzuei beste horrenbeste eskaini dezaketen altxor txikiak izan daitezke.

Beasaingo Trukegunea Udaletxe atariko arkupean dago kokatua eta urtarrilaren 7ra arte egongo da erabilgarri. Ordiziakoa ere egun berera arte egongo da martxan, eta hau ere udaletxe azpiko arkupean dago kokatua. Trukegune honetan, objetuak era librean utzi eta jaso daitezke, tarteko ordainketarik gabe. Utzi edo hartu, edo utzi eta beste bat hartu. Betiere, uzten dena moldaketarik egin beharrik gabe erabiltzeko egoera onean dagoela ziurtatu ondoren utzi beharko da, eta jasotako jostailu hori, "seme alaben utzitako jostailuak erabiltzen genituen bezala tratatzeko" konpromisoa hartuta eramatea eskatzen da.

Gabonen ondoren trukatu ez diren jostailuak irabazi asmorik gabeko elkarte ezberdinetara bideratuko direla jakinarazi dute Beasaingo Udaletik.

ahal dena edo ez Trukeguneak ez du esan nahi etxean behar ez den edozer gauza, edo bota nahi dena utz daitekeela, horretarako daude edukiontziak edo Garbiguneak. Bi Udaletxeetako arkupeetan egokitutako guneetan jarraibideak aurkitzen dira, errazak eta bete-tzeko modukoak. Hala, ondorengo objektu edo gauzak utzi daitezke: liburuak, musika CD originalak, etxetresna elektriko txikiak, mugikor, irrati, mp3 eta telebistak, brikolaje eta lorezaintza zein kirol eta aisi produktuak, musika tresnak, apaingarriak eta jostailuak. Bestalde, utzi ezin daitezkeen gauzen artean honakoak daude: edozein motako arropak, oinetakoak barne, janaria, osasunerako edo garbitasunezko produktuak, animalien produktuak; eta horrez gain, poltsa edo kaxetan antolatu gabe uzten direnak, Trukegunean kabi-tzen ez direnak eta hortaz elementutik kanpo geratzen direnak eta funtzionamendu, garbitasun edo egoera onean ez daudela atzematen diren objektuak.

Ordiziarren kasuan, orain aste ba-tzuetatik ikusi daiteke herritarren artean ideia gustokoa izan dela eta bertan ikus daitezke, besteak beste, entziklopediak, liburuak, diskak, hiztegiak, haurrentzako jostailuak eta etxerako apaingarriak.

Objektu bati bigarren aukera ematerakoan bigarren bizitza ematen zaio, eta horrek aukera berriak sortzeaz gain, bizitzatik alboratzen dugun hori beste pertsona baten-tzako baliagarria izan daiteke, Trukegunearen esperientzia medio.