- Betidanik gustatu zaio Ane Iturzaetari (Donostia, 1995) mundu digitala, eta orain bere ogibide moduan du. Kazetari izan nahi zuen gipuzkoar honek batxilergoko azken kurtsoan emandako informatika klaseen ondoren hartu zuen mundu horretan murgiltzeko erabakia. Gaur egun, Ingeniaritza Informatikoa ikasi ostean, Microsoften dabil, adimen artifizialeko aditu gisa. 26 urteko gazte honek gainera, I Gladys Saria irabazi berri du, neskak mundu digitalean barneratzeko baliogarriak diren erreferenteak saritzen dituena.

Zergatik eman dizute saria?

- Gladys sariak emakume gazteak aintzatesten ditu, mundu digitalean edo teknologiaren inguruan lan egiten dutenak. Helburua, mundu hauetan lanean emakume asko gaudela erakustea da. Nik, gaur egun, Microsoften egiten dut lan; Ingeniaritza Informatikoa ikasi nuen eta beti gustatu izan zait neska txikiei erakustea informatika oso dibertigarria dela eta ez garela denok frikiak. Nahikoa ibili naiz estereotipoa hausten.

Zertan datza zure gaur egungo lana?

-Adimen Artifizial eta Datuen taldeko kontsultorea naiz. Niregana eta nire taldekideengana etortzen dira enpresak, sektore publikoa eta enpresa pribatuak; orokorrean enpresa handiak izaten dira, Estatu, Europa edo mundu mailan. Beraien soluzioak nola eraiki ahalko lituzketen galdetzen digute, datu eta TICen adimen artifizialekin onurak eduki-tzeko. Nik %99,9 enpresekin egiten dut lan; Microsofteko teknologia erabiltzen dugu beste enpresei gauzak egiten laguntzeko.

Nola pasa zen teknologia eta inguru digitala interes izatetik lanbide izatera arte?

-Uste dut beti gustatu izan zaidala teknologia, nahiz eta nik ez jakin. Txikitatik, ordenagailuak eta neuzkanean, horrekin trasteatzea gustatzen zitzaidan. Batez ere, bigarren batxilergoan Informatika egin nuenean erabaki nuen nik programatu eta web orriak egin nahi nituela. Asko gustatzen zitzaidan informatikarekin zerikusia zuen guztia. Ordura arte, ez; nik kazetaria izan nahi nuen, betidanik. Mundu bat deskubritu nuen. Gero, flash bat ere izan nuen: asko gustatzen zitzaidala Googleko bizitza ideal hori. Enpresa batean txirristak edukitzea, dena koloretsua izatea, taldean lan egitea... Hala ere, ez nintzen ausartu Informatika EHUn egiten, hori askotan kontatu dut; uste nuen neska bakarra izango nintzela, friki artean, horren frikia ez zena. Azkenean, Deuston egin nuen, ADErekin nahastuta. Karrera zehar, jada nahiko kontaktu izan nuen, praktikei esker, dexente enpresekin. Hor tartean, kandidatura bidali nuen Microsoftera eta hartu egin ninduten; zuzenean, karrera bukatu eta bertara pasa nintzen.

Zaila da horrelako lan mundu maskulinizatu batean emakume izatea?

-Oso. Ni aditua bezala naiz eta askotan pasa izan zait enpresa batera joan eta gelan sei, zazpi gizon egotea. Zu aditua, neska eta gaztea izanda, denek ikusten zaituztenean... Nire esperientziarik okerrena Qatarrera joan nintzenean izan zen. Gela batean hamabi gizon zeuden eta, sartu nintzenean, ez ninduten agurtu nahi, emakumea nintzelako. Galdera pila bat egin zizkidaten, ea ezkonduta nengoen... Traumatikoa izan zen. Bukaeran, esan zidaten ez zutela inoiz izan horrelako aditu on bat. Baina bidean, neure burua frogatzen aritu behar izan nuen, momentuoro galderei eta erronkei erantzunez, balio nuela ziurtatzeko.

Zure egunerokotasunean aurki-tzen dituzun emakumeen portzentaia zein dela esango zenuke?

-Ikusten dira emakumeak, bai, baina oso gutxi. Esango nuke, enpresak esfortzua egiten ari direla zuzendaritza mailetan emakumeak jartzeko; tokatu izan zait enpresetan (ez asko, baina agian, 10etik 2tan) emakumea izatea hor dagoena agintzen edo talde bat zuzentzen. Baina programa-tzen, egunerokotasunean daudenak, %90 edo %95 mutilak dira.

Emakumeak inguru digitalean lan egitea nahikoa sustatzen al da?

-Emakumeok, orokorrean, nahiko beldur daukagu mundu digitalean, informatika munduan, sartzeko. Karrerak, hasteko, beldurra ematen du, uste duzulako jende guztia bideo jokoetan murgilduta egongo dela, super frikiak izango direla, antisozialak... Kuotetan ikusten da: Informatika Fakultatean %17 izaten dira normalean emakumeak. Nik uste dut erreferenteak falta direla beldur hori gal dezagun. Askotan emakumeok bagaude, modu batera edo bestera, baina beti bigarren planoan edo hirugarren planoan. Inoiz, komunikabide batean, pertsona bat irteten denean adimen artifizialari buruz, segurtasunari buruz edo teknologiari buruz hitz egiten, gizona da. Falta dira erreferenteak, guk ikusteko bide hori guretzat ere badela.

Zeintzuk dira zure erreferenteak?

-Emakumezkoak, asko falta izan zaizkit. Nire erreferenteak bi izan dira: Steve Jobs eta Bill Gates; mundu guztiak izango dituenak, ametsetako horiek. Gero, sortzen joan zaizkit, baina nik bilatu behar izan ditut; ez zaizkit klaseetan edo liburuetan etorri. Bata lehen lengoaia informatikoa asmatu zuena da, Ada Lovelace edo Ada Byron; eta beste bat Hedy Lamarr, wifia eta bluetootha sortu zituena. Informatikari buruz hitz egiten hasiz gero, emakume asko daude; lehen ordenagailua montatu zutenak, adibidez. Baina egunerokotasunean dauden guru horiek... Hor ez daukat emakumerik, ez baitira telebistan edopelikuletan irteten eta ez zaie saririk ematen.

Gaur egungo neska txikiek badituzte duela hamabost edo 20 urte baino erreminta gehiago mundu digitalean sartzeko?

-Hezkuntza mailan, agian bai. Egia da gaur egun eskoletan robotika eta informatika ikasten dela. Baina nahiz eta neska txiki bati matematika, zientzia gustatu, erreferente errealak horretan lanean egon arte eta beraien burua pertsona horietan proiektatu ahal dutela ikusi arte, gehiago kostatuko zaie ausartzea. Badaude proiektuak neskak STEM karreretan sartzeko, baina ikusi beharko da honen fruituak noiz iritsiko diren.

Zer esango zenioke informatika, robotika... mundu hori gustatzen zaion neska txiki bati?

-Momentu honetan, teknologia dagoen bezala, mundua alda dezakeela. Berrikuntza, talde lana, jendeari laguntzea gustatzen bazaio... Emakumeok hor egon behar dugu eta gauza asko dauzkagu egiteko. Nahiz eta mutil pila bat ikusi; are motibazio gehiago hor sartzeko eta kuota horiek aldatzeko.

Zein ezaugarri uste duzu direla beharrezkoak mundu digitalean lan egiteko?

-Teknologia, orokorrean, oso-oso azkar doa. Oso garrantzitsua da gauzak aldatzeko eta gauza berriak ikasi eta probatzeko prest egotea. Sormena duen jendea behar da, gauza berriak sortzeko, mundua ikusteko modu berriak izateko. Eta pentsamendu irekia izatea ere bai.

Zein dira teknologiaren gaurkotasuna eta etorkizuna?

-Orain frogatzen ari garen alde on bat teknologiak edozein esparrutan izan dezakeen inpaktua da. Niri asko gustatzen zait, adibidez, osasunean daukana. Mediku bati teknologia erabiltzen lagun diezaiokegu, diagnostiko aurreratuak egiteko edota ebakuntzetan laguntzeko; gaur egun, pertsona batek Donostiako Ospitalean opera dezake eta beste batek Txinatik lagundu. Hezkuntzan ere, teknologiak aukerak ematen ditu ikastetxe ezberdinen artean elkarlanak egiteko; pandemiak ere argi utzi du, teknologia gabe, gauza asko ez zirela posible izango. Edo hirien garapenerako. Teknologia gabe, agian jendea ez zen gaur egun landaguneetara bizitzera joango. Baina wifia zona horietara iristen denez, arazorik gabe egin dezakete lan bertatik.

Etorkizunari begira, zein proiektu berri gustatuko litzaizuke gara-tzea?

-Adimen artifiziala pila bat gusta-tzen zait; nik uste dut berrikuntza eta transformazio digitalari aurre egiteko modua dela. Gure hiriak, adimen artifizialarekin, asko hobe daitezke; gure garraiobideak, segurtasuna, ongizatea... Hortan gehiago sartzea gustatuko litzaidake, beti ere, responsible relay edo etika kontuan hartuta. Asko gustatzen zaidan zerbait da, zein punturaino aplika dezakegun adimen artifiziala gure eguneroko bizitzan. Baita euskarak hor daukan papera ere; gaur egun, ez daude horrenbeste gauza euskaraz eginak. Eta neska txikiak horrelako zerbait ikasteko animatzen jarraitu nahiko nuke.

Non ikusten duzu zure burua? Donostian, Madrilen, beste herrialderen batean...

-Ez dut aterik ixten; tokatzen den tokian. Oraintxe, Donostian oso lasai bizi naiz; noizbehinka, Madrilera joaten naiz, baita bezeroengana ere. Asko bidaiatu izan dut; pandemia aurretik, esaterako, urtarril hartan, 2020an, Eskozia, Suedia, Danimarka eta Austrian izan nintzen, astebete toki bakoitzean. Gero berriz Suediara eta ondoren Hegoafrikara; hantxe egin zidaten lehen covid testa. Gero Coruñan izan nintzen eta azkenik, Bartzelonan; han harrapatu ninduen pandemiak. Hori zen nire bizi-tza lehen eta berriz horretara bueltatzea espero dut.