bertan

Uliako parkea, Europaren begietan

17.10.2021 | 01:18
Hainbat pertsona Uliako parkean barazkiak landatzen.

Uliako Lore-Baratzak proiektuak Europako Batzordeak emandako New European Bauhaus saria jaso du, "biltzeko eta partekatzeko leku berrasmatuak" kategorian, udal-haztegi zaharra berreskuratzeko lanari esker.

Donostia "gizatiarragoa eta berdeagoa" eraikitzeko asmoz jarri zen martxan 2015ean Uliako Lore-Baratzak auzo-lorategi proiektua. Ulia mendiaren magalean kokatuta dago eta denboraren poderioz, herritarrek kudea-tzen duten parke publiko handi bihurtu da udal-landareen haztegi zaharra. Proiektu honek Europako Batzordeak emandako New European Bauhaus saria eskuratu du "biltzeko eta partekatzeko leku berrasmatuak" kategorian, eta hasieratik proiektu honetako partaide den Leire Rodriguez donostiarrak parkearen eta sariaren inguruan hitz egin du egunkari honekin.

14.000 metro karratuko parke hau udal-mintegien gunea zen lehen, hau da, bertan ekoizten ziren Donostiako lorategi eta parkeetako lore eta landare guztiak. "Horrek horrela funtzionatu zuen XIX. mendean zehar, baina 2000. urtea iristen ari zela, Udalak jarduera hori pixka bat modernizatzea erabaki zuen eta Altzan eraiki zuen mintegi berria. Orduan, gune hau itxita gelditu zen eta Udalak saldu egin nahi zuen 30 luxuzko etxebizitza eraikitzeko", azaldu du Rodriguezek.

Hala ere, Udalaren asmo horiek ez zituzten begi onez ikusi hainbat bizilagunek. "Hemen inguruan bizi zirenek oso ongi ezagutzen zuten txoko hau eta bazekiten XIX. mendeko ur biltegiak hemen zeudela. Aranzadik txosten bat egin zuen Udalarentzat eta ikusi zen oso balio handia zutela ur biltegi horiek. Hiriaren uraren historia ulertzeko oso ondare garrantzitsua zela eta babestu egin behar zela azpimarratu zuen Aranzadik", adierazi du Rodriguezek.

Une horretan, etxebizitzen proiektua alde batera geratu zen eta Uliako Auzo Elkarteak lehen publikoarentzat itxita zegoen parkea zabaltzeko eskatu zuen. "2013an auzotar batzuk elkartu ginen eta esan genuen parkea irekitzeaz gain, zerbait polita egin nahi genuela bertan", nabarmendu du Rodriguezek.

Londresen eta Europako beste hiri batzuetan dauden community garden eta antzeko egitasmoak ezagu-tzen zituzten aurretiaz, eta pentsatu zuten leku hau "ideala" zela horrelako proiektu bat garatzeko.

"Parke honetan auzo-lorategi bat egiteko Uliako Lore-Baratzak proiektua sortu genuen eta horren helburu nagusia Uliako mintegien parkea parke bilakatzea da, izan ere, momentu horretan orube bat bai-tzen. Balioan jarri nahi dugu Donostiako parke bat izateko duen edertasuna eta biziz bete nahi dugu eremua", azpimarratu du.

2013tik ari dira parke honen bueltan lanean, baina 2015ean lortu zuten Donostiako Udalaren baimena bertan egunero lanean jarduteko. Hasieran, Uliako Auzo Elkartearen bidez jarri zuten martxan proiektua eta hortik jaio zen Uliako Lore-Bara-tzak, ingurugiro elkarte bezala.

"Oso proiektu anitza da eta benetan esango nuke proiektu honen edertasun handietako bat oso jende desberdina elkartzeko duen gaitasuna dela. Uliako Lore-Baratzak oso komunitate handia da, ehunka partaide ditu. %70a hemen ingurukoa da: Ulia, Intxaurrondo, Gros... eta beste jende asko beste auzo batzuetatik etortzen da", zehaztu du.

Uliako Lore-Baratzak komunitate estuak edo taldetxoak sortu ditu. Horien artean, baratze komunitatea (30 pertsona elkartzen dira asteartero) eta familia taldea (aisialdiko egitasmoak antolatzen dituztenak) nabarmendu daitezke adibidez. "Egiten dugun ekintza bakoitzerako ia komunitate txiki bat sortzen da. Landare truke azoka egiten dugu hemen eta pertsona batzuk beti etortzen dira. Horrez gain, kudeaketa eramaten dugun lantaldea ere badago", gehitu du.

Rodriguezen arabera, oso proiektu anitza da, baina genero aldetik oso markatuta dago. "Hori oso harrigarria egiten zaigu, baina baita pozgarria ere. Ikusten dugu emakumeok zaintzeko beste barren bat daukagula, eta parke honetan mutilek ere parte hartzen duten arren, nabari-tzen da zaintza bezalako baloreak historikoki hartu ditugula emakumeok", adierazi du.

Horrez gain, maila sozioekonomiko eta adin guztietako pertsonek osatzen dute Uliako Lore-Baratzak. "Komunitatean 100 edo 200 pertsona inguru izango gara. Sare sozialetan adibidez, izugarrizko jarraitzaile pila ditugu eta bakoitzak bere lotura du honekin", nabarmendu du.

Parkea egunero dago irekita, eta edozein pertsona joan daiteke paseatzera, jolastera, irakurtzera edo eguzkia hartzera, besteak beste. Horrez gain, arduradun taldea asteartetan elkartzen da eta gutxi gorabehera astean behin auzolan bat egiten dute. "Herritar guztiena den espazio ireki bat denez, negutegia Donostiako beste herri eragileei uzten diegu asanbladak,bilerak, kontzertuak, liburu aurkezpenak eta horrelako gauzak egiteko", zehaztu du.

european new bauhaus saria Uliako Lore-Baratzak elkartearentzat "esanahi berezia" du sari honek. "Azkenean, Europako New Bauhaus saria Bauhaus bera izan zena da: paradigma berri bat ekarri zuen mugimendu apurtzaile bat. New European Bauhaus honek ere esaten du gauzak beste modu batera egiten hasi behar garela, bestela mundua bukatzen ari dela nolabait", azaldu du Rodriguezek.

Europako komisioak horrelako ekimen txiki bat aukeratzea "ikaragarria" izan da. "Guk txosten hori prestatu genuenean aste oso bat lanean pasa genuen eta asteburuan ez genuen lorik egin ingelesera itzultzen aritu behar izan genuelako. Oso espezifikoak ziren txostenak eta ez zen batere erraza izan hori egitea", nabarmendu du.

2000 proiektu aurkeztu ziren guztira, eta sari hori irabaziz "Europak beraiek egiten duten lana ikusteko" gai izan direla uste dute. Beraz, alde batetik "oso pozik" daude lan ona egin dutelako. "Bihotzez egiten dugu, denbora eta eskuzabaltasun osoarekin borondatez egiten dugulako, eta jasotzen dugun feedback guztia ikaragarria da. Sari honek hori berretsi du", azaldu du.

Baina beste alde batetik, "tristura" ere sentitzen dute, euren esanetan, Udalak ez baitie aitortzarik egin. "Askotan gertatzen zaiguna da, eta sari honekin oso harrigarria izan da, kanpotik etorri dela hemen ez daukagun aitortza hori. Urteak daramatzagu Donostiako Udalarekin lanean, beraiena da toki hau, eta ez digute inolako kasurik egiten. Ez dago beste proiekturik Donostia mailan horrelako sari bat irabazi duenik. Oso sari potentea da, guk jaso dugu eta Udaleko inork ez gaitu zoriondu", adierazi du. "Aitortza bat gustu oneko ekintza bat da eta nahiz eta beraien gustuko proiektua ez izan, desberdinei ere eman behar zaie aurrera jarraitzeko aukera bat", gehitu du Rodriguezek.

Sari honekin aitortzaz gain, 30.000 euroko diru ekarpena eta komunikazio pakete bat ere irabazi dituzte. Normalean, Uliako Lore- Baratzak urtean 2.000-5.000 euroko Udaleko aurrekontua jasotzen du, eta sari honek "asko lagunduko duela" uste dute.

Etorkizunera begira, Uliako Lore- Baratzak orain bezalako arrakastatsua izaten jarraitzea, jende gehiago antolakuntzara batzea, baina batez ere, Udaleko agintariei "ez dutela beldurrik izan behar erakustea" nahi dute. "Parke hau geldi-tzeko etorri da eta Udalarekin elkarlanean jardutea gustatuko litzaiguke, elkarrekin gauzak hobeto egiteko", esan du amaitzeko Rodriguezek.

"Askotan gertatzen zaigu kanpotik etortzen zaigula hemen ez daukagun aitortza hori"

leire rodriguez

Uliako Lore-Baratzakeko partaidea

"Uliako Lore-Baratzak bihotzez egiten dugu, denbora eta eskuzabaltasun osoz"

noticias de noticiasdegipuzkoa