- 2019. urtean Donostiako Udalak kalean abandonatuta utzitako 106 auto eta 42 motor jaso zituen. Bizikletak, berriz, 587 izan ziren. Kopuruek nabarmen egin dute gora azken urteotan: Udalaren datuen arabera, igoera hori %56koa da autoen eta txirrinden kasuan, hiru urteko epean. Bizikletak, autoak eta motorrak dira, hurrenez hurren, eramaten dituzten ibilgailuen artean ugarienak, baina badira bestelakoak ere. Adibidez, 2019.ean 16 autokarabana edo furgoneta ere jaso zituzten, baita kamioi handi bat ere. Guztira, 752 ibilgailu, duela lau urte baino %32 gehiago.

Izan ere, 2017an guztira 512 izan ziren kaletik jasotako ibilgailuak, Udalak bildutako datuen arabera. Zehazki, 376 bizikleta (kopuru orokorraren %73,5), 68 auto, 57 motor, hamar furgoneta eta erremolke bat jaso zituzten.

2015. urteko datuei erreparatuta, igoera handiagoa da oraindik autoen kasuan, orduan 50 eraman baitzituzten kaletik: bikoiztu egin da kopurua ordutik. Bizikleten kasuan ere deigarria da igoera, urte horretan zenbatutako 312 horiek %88 hazi baitziren 2019ko datuekin alderatuz gero.

Dena den, deigarria da urte horretan 2019.ean baino motor gehiago jaso zituztela kaletik (73 guztira), baita furgoneta gehiago ere (22 furgoneta edo autokarabana). Izan ere, bi ibilgailu mota horien datuak baxuagoak izan dira ondorengo urteotan.

Abandonatuta utzitako ibilgailuak kaletik kentzeko zerbi-tzua enpresa baten bidez kudea-tzen du Donostiako Udalak eta, aurreko kontratua amaituta, lehiaketa deitu du datozen bi urteotan lan hori egiten jarraitzeko. Aurreko urteotako datuak izan ditu abiapuntu baldintzak ezartzeko garaian eta 520.000 euroko aurrekontuarekin deitu du lehiaketa. Bi urterako prezioa da hori, baina beste bi urtez luzatzeko aukera ere badago eta, horrela, milioi bat euroko kopurua gaindituko luke datozen asteotan egingo den esleipenak. Hala, 2024. urtera arte luzatuko litzateke kasu honetan.

Jaso bakarrik ez, gero eramandako ibilgailu horiek garraiatu, dagokien tratamendua eman, deskontaminatu eta haien baja administratiboa ere kudeatu beharko du lehiaketa irabazten duen enpresak. 2016an egindako lizitazioaren ondoren Desguaces Vidaurreta SL enpresari esleitu zitzaion zerbitzua (luzapenak ere onartu zitzaizkion aipatutako enpresari).

Udala (Hiri Mantentze eta Zerbi-tzuen zuzendaritzaren bidez) izango da abandonatuta dauden eta hiri hondakintzat hartzen dituen autoen edo ibilgailuen datuak (matrikula, zehazki) eta kokapena emango dizkiona enpresari eta honek gehienez lau eguneko epea izango du ondoren aipatutako ibilgailua edo haren hondarrak kaletik jasotzeko. Batzuetan kalean egongo dira, baina posible da Udalaren biltegian dauden ibilgailuak ere eramateko eskatzea eta haien baja tramitatzea.

Abandonatutako ibilgailu bat dagoen tokitik eraman ahal izan baino lehen, beharrezkoa da legezko prozedura bat jarraitzea titularra bilatzeko, eta horrek esan nahi du askotan prozesua luzatzen dela. Ondoren, ibilgailu bakoitza kentzearen gastua jabeari kobra-tzen saiatzen da Udala, baina ez du beti lortzen.

Bizikleten kasuan, hala ere, jasotzen dituzten guztien artean normalean 100 inguru aukeratu eta gordetzen dituzte, irabazi asmorik gabeko elkarteei emateko formakuntza eta gizarte helburuetarako.

Zerbitzua. Abandonatuta utzitako ibilgailuak kentzeko, deskontaminatzeko eta haien baja emateko zerbitzua esleituko du Udalak.

2019

2017

2015

Udala da enpresari hiri hondakintzat duen ibilgailuaren kokapena eta deskribapena ematen diona hark kaletik eraman dezan