- Pandemiaren ondorioz Udalinfo zerbitzua eskaintzeko moduak aldatu badira ere, hazi egin da aurten orokorrean. Hala, presentzialki eskainitako arretaren datuak iazkoak baino baxuagoak badira ere, telefonoz eta autotramitazio makinen bidez eskainitakoaren datuak %100 eta %70 handitu dira, hurrenez hurren.

Osasun egoeraren ondorioz, aldaketa nagusia aurrez aurreko arreta jasotzeko hitzordua hartu beharra izan da. Hala, arreta presentziala %17 jaitsi da aurten. Kontuan hartu behar da, gainera, udaberrian, konfinamendu garaian, Udalinfoko ateak itxita egon zirela hilabete eta erdi. Zabaldu zituztenean ere, hasieran, bakarrik premiazko tramiteak egiten zituzten eta bulego bakar bat zegoen zabalik.

Momentu horretatik aurrera ezarri zen aurrez ordua hartzeko beharra, segurtasuna bermatzeko. Online hartu daiteke (telefonoz ere bai), eta 15 minutuko arretak eskaintzen dira.

Easoko bulegoa da bisita gehien izan dituena ekainetik, guztira 13.718 pertsona pasatu baitira bertatik (hilean 2.286). Hala, konparaketa egitearren eta 2019ko datuekin alderatuta, Easoko bulegoa %17 arreta gutxiago egiten ari da orain (epe horretan 2019an hileko batez bestekoa 2.757 arretakoa zen).

Morlansera, berriz, 6.709 lagun joan dira (1.118 hilean); Altzako bulegora, 2.207 herritar (hilean 367). Arrokako bulegoan hitzordurik gabe ari dira lanean eta, beraz, ez dago datu zehatzik.

Bestetik, diru bilketaz arduratzen den Goikoako bulegora 4.476 lagun joan dira (746 hilero).

Arreta presentzialaren beherakadarekin batera, hala ere, beste bide batzuen bidez eskaintzen den zerbitzuak gora egin du. Telefono bidezkoa, esaterako, bikoiztu egin da aurten: martxotik urrirako datuak kontuan hartuta, 2019an 28.821 dei erantzun zituzten eta aurten, hilabete horietan, 56.699 erantzun dituzte. Dei kopururik altuena maiatzean eta ekainean hartu ziren, konfinamenduaren ondoren, alegia, 10.000tik gora.

Herritarren postontzira jo dutenak ere nabarmen hazi dira, ia %60. Martxotik azarora bitarteko tartean 2019an 18.185 kontsulta jaso ziren postontzian; aurten, berriz, 28.950 jaso dira.

2019ko urrian, bestalde, autotramitazio makinak jarri zituen Udalak. Lehen hiru hilabete horietan 3.059 tramite egin zituzten herritarrek makina horietan (1.020 hilean). 2020an, aldiz, orain arte 18.680 tramite egin dituzte (1.700 hilean). Igoera, beraz, %70ekoa da.

Gaur egun horietako hiru gailu daude jarrita Udalinforen Morlanseko eta Arrokako bulegoetan eta zerga bilketaren bulegoan (Goikoan), baina gehiago jartzeko asmoa dauka Udalak datozen hilabeteotan eta, gainera, orain tramite gehiago egiteko aukera ere eskaintzen dute (erreziboak, multak eta ordainketak egunean edukitzearen agiriak).

Tramiteak online egin ahal izateko eskatzen den BakQ ziurtagiriaren eskaerek ere gora egin dute eta aurten iaz baino %40 gehiago tramitatu dituzte, guztira 2.429. Identifikazioa eta sinadura segurua eskaintzen ditu sistema horrek baina BaKQaren eskaera bera presentzialki egin behar da.

Presentziala. Jaitsi egin da aurten arreta presentziala, %17 Easoko bulegoko datuei erreparatuz gero (erabiliena da). Hilabetean 2.286 lagun inguru pasatzen dira bertatik; Morlansetik, 1.118 hilean eta Altzatik, berriz, 367. Arrokan ez da hitzordurik behar eta Goikoako zerga bulegotik, 746 hilero.

Telefonoz. Bikoiztu egin dira datuak:

2019 2020

Guztira28.821 56.699

Autotramitazio makinak. Iaz baino tramite gehiago egin dituzte herritarrek makinetan, zehazki, %70 gehiago. 1.700 inguru egiten dituzte hilean eta azken asteotan tramite gehiago egin ahal izateko aukera ere badago.

Postontzia. %60 kontsulta gehiago jaso ditu postontziak, 2019ko datuekin alderatuta. Guztira, 28.950 martxotik azarora.