Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina abiatu dute Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz lelopean, lehen hitza euskaraz egiteko gai diren merkatari eta kontsumitzaileei zuzenduta dago.

Hala, euskara eta konfiantza lotu nahi ditu kanpainak eta, modu horretan, tokiko merkataritzaren alde ere egin nahi du. Lekuan lekuko denden gertutasunak eta betikotasunak konfiantzazko harremana sortzen dutela aldarrikatu nahi du eta, horrekin batera, baita kalitatezko zerbitzua eskaini ere. Erlazio horretan euskarak ere eragiten duela gogoratu nahi du kanpainak eta konfiantzazko harreman hori lortzen laguntzen duela.

Eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko helburua dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Beraz, merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina hau elkarlanerako abiapuntua besterik ez da, aurrerantzean lan-lerro hori elkarrekin jorratzen jarraitzeko asmoa dute eta.

Donostian ez ezik, Bilbon, Gasteizen eta Oarsoaldean ere martxan da kanpaina. Udal gehiago batzea ere litzateke Jaurlaritzaren asmoa.