Igeldoko Herri Kontseiluak herrigunetik kanpinera doan bidean espaloia eraikitzeko eskaera egin du asteburuan berriro ere. “Urteak daramatzagu Igeldoko herritarrok espaloiaren beharra aldarrikatzen, eta orain arte Donostiako Udalak ez die jaramonik egin Herri Kontseiluak eginiko eskaerei”, kritikatu dute.

Arazoa, haien ustez, areagotu egin da azken asteotan. Izan ere, pandemiaren ondorioz izan diren mugen eraginez, hainbat ohitura aldatu ere egin dituzte herritarrek eta asko dira Igeldora doazen donostiarrak (hiriko beste mendietara ere bai). “Azkenaldian Igeldon izaten den jende uholdea dela eta, beharrezkoago ikusten dugu espaloia egitea; oso egoera arriskutsuak suertatzen dira askotan. Izan ere, aldi berean pilatzen dira errepidean oinezkoak, bizikletak, kotxeak, autobusak, autokarabanak...”, adierazi dute Herri Kontseiluko kideek.

Errealitate hori agerian uzteko eta haien aldarrikapena ezagutarazteko, hainbat argazki atera zituzten pasa den igandean errepidearen zati horretan. Autoak eta autobusak oinez doazen familien ondotik eta txirrindularien ondotik pasatzeko arazoak dituztela ikusten da horietako batzuetan. Hala, Udalari gaiari lehenbailehen heltzeko eskatu diote.