Amara eta Aiete artean kokatuta dagoen Txanpoene edo Txanpuene baserria desagertu da. Azken egunetan eraitsi dute makinek, hainbat auzo elkarte eta bestelako taldeen kritikak tarteko. Aspalditik dator baserria botatzeko plana eta lizentzia bera 2017. urtean onartu zela azaldu du Donostiako Udalak, baina ondare baliotsua desagertu dela salatu dute aipatutako taldeek, hiriburuaren landa iraganaren lekukoetako bat eta Erdialdetik gertuen zegoen azken baserria, oraindik ere nekazaritza lantzen zuena.

1760. urteetik gutxienez zutik zegoen baserria, eta XIX. mendearen bukaeratik Etxabe familiaren esku egon izan da. San Roke kaleko 57. zenbakian kokatuta zegoen, eta, Arbaizenea inguruko hirigintza proiektuaren baitan, luxuzko etxebizitzak egingo dituzte bertan, baita Txanpon Enea izenarekin bataiatuko duten parke publikoa ere.

Izan ere, Arbaizenea jauregiko Alba familia zen baserriko jabea (Etxabetarrak maizterrak ziren) eta hirigintza proiektua garatzen ari ziren enpresei saldu zien duela urte batzuk. Maizterrek epaitegietara jo zuten, baina azkenean Gipuzkoako Auzitegiak arrazoia eman zien enpresei eta baserria hustutzeko baimena eman zien. Gaia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman bazuten ere, hustutzeko agindua pasa den astean heldu zen eta hurrengo egunetan iritsi ziren eraikina bota zuten makinak.

Amara Bai, Morlanstarrak eta Lantxabe auzo elkarteak eta Áncora ondarea babesteko elkartea, besteak beste, haserre agertu dira egunotan. Urteak zeramatzaten amaratarrek Txanpuene eguna antolatzen, festa giroan baserria mantentzea aldarrikatuz. Eneko Goia alkateak, gaiaren inguruan galdetuta, epaitegiek jabeei arrazoia eman zietela gogoratu zuen eta, beraz, legearen barruan jokatzen ari zirela. EH Bildu taldeak Udalbatza aurreko batzordeetara ere eraman zuen gaia. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak gogoratu zuen eraisteko lizentzia duela hiru urte onartu zela eta orain arte ez dela baserria babesteko eskaera formalik egin.

Hirigintzako eta eraikitako ondarea babesteko plan bereziaren (Peppuc delakoaren) alegazio prozesuaren baitan, ekainean Áncora elkarteak hiriko 70 baserri babesteko eskaera egin zuen, horietako batzuk, 1813ko sutearen aurrekoak, baina erantzunaren zain daude oraindik. Eta baserri horien zerrendan agertzen zen Txanpoene.

Ondarea: uraren bidean

Baserria desagertu bada ere, hainbat elementu mantendu egingo dira, printzipioz, inguruan egokituko duten Txanpon Enea parkean berriro kokatuta. Ateburua, teilatuan zegoen gurutzea, iturria eta garbitegia izango lirateke elementu horiek.

Izan ere, urarekin zerikusi handia izan zuen Txanpoene baserriak, eta bertatik Arbaizeneara doan errekatxoak hor jarraitzen du. Ateburuari dagokionez, La nueva Barceloneta. 1773 hitzak jasotzen ditu eta zergatik zegoen hor ez da argitu, ezta hitz horien esanahi zehatza ere. Parke berriaren sarrerako arkuan jartzea proposatu zuen bere garaian Udalak, baserriaren teilatuan zegoen gurutzearekin batera.

Elementu bereziak: garbitegia eta iturria

Baserrian eta auzoan belaunaldiz belaunaldi zabaldu diren istorioen arabera, Donostiarako bidean zihoazen zaldiek geldialdia egiten zuten Txanpoenen garai batean. Beste batzuen arabera, oraingoaren moduko pandemia edo izurrite garaietan, moja eta fraideek bertan egiten zuten berrogeialdia hirian sartu baino lehen, eta horregatik omen zegoen gurutzea teilatuan.

Txanpoeneko iturria baserritik pixkat beherago dago eta sastrakek ezkutatu zuten urte askotan, auzotarrek horiek garbitu eta iturria berriro txukundu arte, arkeologoen laguntzaz eta 2016ko Kultur Hiriburutzaren baitan aurkeztutako proiektuaren bidez. Iturriak bertan jarraitzen du oraindik, Udalak harriz harri mugitzea aurreikusten du, zazpi metro gorago kokatzeko eta irisgarriago egiteko asmoz. Udalak F kategorian babestuko du aipatutako Peppucean, baina babes maila horrek bere lekualdaketa onartuko luke. Auzotarrek bere lekuan mantentzearen alde egin dute.

Beherago igerileku txiki baten moduan erabili izan zutena ere badago eta horren azpian latsarria dagoen susmoa ere bai. Beste garbitegia, "eleganteagoa", beherago dago. Uraren ondoan garbitzeko erabiltzen zituzten harri zapalak daude eta, alde batean, berriz, etxola bat.

Elementu horiek guztiak zaindu eta ezagutarazteko kartelak jartzeko eskatu izan dute auzotarrek eta baserria uraren museo bihurtzeko eskaria ere egin zuten, baina proposamenak ez zuen aurrera egin.

Izan ere, Txanpoenetik oso gertu, 1604. urtean iturri asko omen zeuden, Donostiara ura bidaltzen zutenak Morlanseko ubidearen bidez. Aipatutako iturria, hala ere, berriagoa da, XIX. mende ingurukoa seguruenik; garbitegiaren jatorrizko urtea ez dute ezagutzen.