- Patinete elektrikoekin zerikusi izan duten 30 istripu zenbatu dira aurten Donostian. Iaz, urtearen erdialdera atestatuen unitatea mota horretako istripuak izapidetzen hasi zenetik, beste bederatzi ere izan ziren. Gainera, iazko lan “pedagogikoaren” ostean, aurten hamahiru salaketa ere jarri dizkiete ibilgailu hauen gidariei, udal araudia ez betetzeagatik.

Ministroen Kontseiluak aste honetan onartutako dekretuak patinete elektrikoak edo mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak ere arautzen ditu, baina Donostian araudi espezifiko bat onartu zen 2018ko abenduan, bide publikoen erabiltzaile guztien segurtasuna eta bizikidetza bermatzen saiatzeko. “Lege berriak oro har araudi hori berresten du”, adierazi du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.

Dekretu berria orduko 6 eta 25 kilometro arteko gehienezko abiadura duten ibilgailuei buruzkoa da (beraz, ez dira kontuan hartzen mugikortasun urriko pertsonen-tzako ibilgailuak). Espaloietatik eta oinezkoentzako guneetatik zirkulatzeko debekua berresten du, eta, gainerako ibilgailuek bezala, zirkulazio-arauak bete behar dituztela ezartzen du. Debekatuta dago, halaber, herriz kanpoko bideetan, zeharbideetan eta herri barruan edo hiriko tuneletan igarotzen diren autobide eta autobietan zirkulatzea.

Donostian duela bi urtetik indarrean dagoen araudiaren arabera, ezin dira espaloietatik, parkeetatik eta oinezkoentzako guneetatik ibili, Parte Zaharretik, adibidez. Bidegorriz edo galtzadaz joan daitezke. Era berean, araututa dago 16 urtetik gorakoek motorra duten aparatu horiek erabiltzea.

Izan ere, udal araudiak hiru taldetan sailkatzen ditu ibilgailu hauek. Motorrik gabekoak 0 taldekoak dira (70 zentimetroko zabalera eta 1,2 metroko luzera duten skate eta patineteak). Kasu horretan, hamabi urtetik beherakoak bakarrik joan daitezke espaloietatik, parkeetatik eta oinezkoentzako guneetatik.

Bi kategoria ere bereizten dira motordunen artean. Lehenengoan, gehienez 25 kilometro orduko abiadura har dezaketenak daude: 16 urtetik gorakoek erabil ditzakete eta oinezkoengandik eta trafikoarengandik bereizitako bidegorrietatik ibil daitezke. Galtzaden eskuinaldetik ere joan daitezke. Oinezkoek lehentasuna duten lekuetan gehienez hamar kilometro orduko abiaduran joango dira, oinezkoen lehentasuna errespetatuz eta haiek gainditzeko metro bateko distantziari eutsiz (aglomerazioaren kasuan, gidariak jaitsi egin behar du eta aparatua eskuan duela jarraitu behar du oinez).

Bigarren kategorian 25 kilometro orduko abiadura gaindi dezaketen patineteak daude. Horietan ibiltzeko, 18 urte izan behar dira nahitaez, eta kasko homologatua eraman behar da. Galtzadetatik bakarrik zirkulatu ahal izango dute, zirkulazio handia duten hiriko sarreretako batzuetan izan ezik (Loiolako Erriberako pasealekua, Bizkaia pasealekua, Federico Garcia Lorca eta Karlos I.a, Zumalakarregi eta Tolosa hiribideak). Teknikoki abiadura handiagoak har baditzakete ere, debekatuta dago orduko 30 kilometro baino gehiagora joatea, eta ezin dituzte autobusentzako eta taxientzako erreiak erabili.

Gainera, Madrilen onartutako aldaketek ibilgailu horiek baldintza teknikoak betetzen dituztela egiaztatzen duen zirkulazio-ziurtagiria izatea eskatzen dute. Kasu horretan, ziurtagiria edukitzeko betebeharra mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen ezaugarrien eskuliburua BOEn argitaratu eta 24 hilabetera aplikatuko da.

Lege berriak “oro har” Donostiak 2018an onartutako araudia berresten duela dio Mugikortasun zinegotziak

Donostian bi kategoria onartu zituzten patineteak sailkatzeko, ibilgailuek gehienez har dezaketen abiaduraren arabera