- Eneko Goia Donostiako alkateak aitortu zuen atzo Udala ere "nahiko nekatuta" dagoela Karlos I.an radarra jartzen ez dela ikusita. "Denbora dezente daramagu lanean eta ez dugu emaitzarik lortu", esan zuen alkateak, baina saiatzen jarraituko dutela ere gaineratu zuen. "Bat egiten dugu helburuarekin, Karlos I.an radarra jartzea nahi dugu".

Horrela erantzun zion Amara Berriko bizilagunek berriro ere egindako eskaerari. Radarra exijitu dute berriro auzo elkarteak eta hainbat auzotarrek, baita inguruko ikastetxeek ere.

Printzipioz gaiak erraza badirudi ere, hiru erakunderi eragiten die eta horrek sortu du arazoa, dirudienez. Udala hainbatetan agertu da radarraren alde; baina hirian dagoen errepidea izan arren, Donostiako sarrera-irteera den neurrian Aldundia da Karlos I.aren jabea eta Eusko Jaurlaritzari dagokio radarra baimentzea. Ez batak eta ez besteak ez dauka arazorik kontu honetan, baina aurrera egin ezinik jarraitzen du.

Auzotarrak saiatu dira hiru erandundeetara jotzen eta Udala ere aritu da Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin hizketan. "Guri ez dagokiguna gure gain hartzen saiatu gara eta pausoak eman ditugu radarra guri jartzen utz ziezaguten, baina zoritxarrez ez dugu nahi dugun erantzuna lortu", azaldu zuen Goiak, eta gaia "katramilatsua" dela aitortu zuen.

Hamahiru urte badira amaratarrek radarra eskatu zutela lehenengoz. 2015.ean egindako lanen ondoren ere, gehienezko abiadura (50 kilometro orduko) askotan gaindi-tzen dela diote auzotarrek.