- Kopuru zehatzak kontuan hartuta zifrak ez dira altuegiak, baina azken hilabetean abuztuan baino 104 pertsona gutxiago zeuden langabezian Donostian. Guztira, 9.526 dira langabeak hirian, aurreko datuarekin alderatuz gero, %1 gutxiago. Hala ere, generoaren ikuspegitik aurreko joerak bere horretan jarraitzen du eta gehiago dira lan bila ari diren emakumeak (5.154 zehazki, %54tik gora) gizonezkoak baino (4.476).

Gauzak horrela, langabeziak behera egin du Donostian irailean, lehenengo aldiz pandemiaren ondorengo hilabete hauetan. Datua garrantzitsua dela uste du Ekonomia Sustatzeko zinegotziak, Enrique Ramosek, joera negatiboa hausten duelako batez ere.

Iraileko datua positiboa izan arren, iazko kopuruarekin alderatuz gero, irakurketa oso bestelakoa da. Izan ere, orduan 7.171 pertsona zeuden langabezian Donostian eta aurten ia 2.400 gehiago dira, hau da, %33koa izan da gorakada. Hala, osasun-krisiaren ondorioz sortutako egoerak enpleguan duen eragina hirian ere nabarmena da.

Udalak eskainitako informazioaren arabera, martxoan alarma egoera ezarri zenetik 1.923 langabe gehiago daude (%25,3 gehiago).

Enplegurik gabe dauden horien artean, errealitatea eta datuak desberdinak dira adinaren arabera. Hala, 25 urtetik beherako gazteak handitu egin dira eta aurreko hilabetean baino 73 gehiago dira orain, 915 guztira. Langabe guztien %6,7 izatetik %9,1 izatera pasa dira. Gainerako adin tarteetan gutxiago dira orain lana bilatzen ari direnak, bai 25 eta 45 urte bitartekoen artean (3.930 pertsona), baita 45 urtetik gorakoen artean ere (4.681 pertsona).

"Bizi dugun egoera ez da inoren-tzat ona. Hiriko ekonomiaren oinarrietako batzuk, zerbitzuen sektorea adibidez eta merkataritza eta ostalaritza zehazki, bolada txarrean daude oraindik, eta horrek langabeziari buruzko datuetan eragina dauka", azaldu zuen Enrique Ramosek.

Hala, Donostiako Sustapenaren bidez, Udala laguntza-programa berriak prestatzen ari dela ere esan zuen zinegotziak: "Egoera hori arintzen saiatzeko asmoa daukagu, ahal dugun neurrian".

Hala ere, enpleguari buruzko iraileko datuek diotenaren arabera, egoera "arindu" egin dela "apur bat" uste du Ramosek: "Espero dugu mantendu egingo dela eta joera aldaketa izango dela".

25 urtetik beherakoen artean, enplegu bila ari direnak hazi egin dira irailean eta dagoeneko langabe guztien %9,1 dira