- Bosgarren hilabetea da jarraian langabeziak gora egiten duela Donostia. Izan ere, otsailean, koronabirusak sortutako osasun-krisiaren aurretik, 7.603 pertsona zeuden langabezian. Ordutik kopuruak %25 egin du gora. Uztailan guztira 9.503 pertsona ari ziren lana bilatzen, aurreko hilabetean baina hamar pertsona gehiago, Donostiako Udalak atzo eskainitako datuen arabera.

Urtebeteko konparazioan, 2019ko uztailean 7.160 langabe zeuden, aurten baino 2.343 donostiar gutxiago. Oraingo datua ordukoa baino %32,7 altuagoa da, beraz.

“Datua serioa da, baina espero zen, bizi dugun egoera ikusita, eta gure hiriari ere eragiten dio egoera horrek. Erakundeon artean lanean jarraitu behar dugu jarduera ekonomikoari berrekiteko, behar diren segurtasun-neurriak hartuta, horrela langabetuak gutxiago izan daitezen”, azaldu zuen atzo Donostiako Sustapenako arduradun eta Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Enrique Ramosek.

Hirian dauden langabetuen artean 4.415 gizonak dira eta 5.088 emakumeak, Udalaren datuen arabera. Ekainean baino zortzi emakumezko gutxiago eta 18 gizonezko gehiago daude uztailean.

Adin-taldeen araberako banaketa ere egin du Donostiako Sustapenak egungo egoera aztertzeko. Hala, gazte gehiago ari direla lana bilatzen ondorioztatu dute teknikariek. Alde batetik behera egin du 45 urtetik gorakoen pisuak langabetuen artean. Otsailean %54,4 ziren adin horretatik gorakoak eta ekainean, berriz, %49,4. Horrek ez du esan nahi 45 urtetik gorako gutxiago daudela langabezian, gazte gehiago daudela baizik.

Izan ere, 25 urtetik beherako gazteak otsailean langabetuen artean %6,7 bakarrik ziren eta orain por-tzentaje hori bi puntu altuagoa da, %8,7koa, alegia.

Beste alde batetik, 25 urtetik 44 urtera bitarteko helduen pisu proportzionalak ere gora egin du: duela bost hilabete %38,9 ziren eta uztailean, berriz, %42 dira. Ikusteko dago ondorengo hilabeteotako joera eta jarduera ekonomikoa zein neurriraino berrindartzen den.