ndo egindako gauzen kalitatea nabaritzen da”. Casa Ponsol-eko Iñaki Leclercqek negozioa jasangarritasunarekin konprometitua dagoela aldarrikatu du, “bai ingurumenarena eta bai soziala”. Parte Zaharreko denda historikoa Gabonetako lehiaketaren irabazlea izan zen erakusleiho iraunkorraren kategorian eta, sari gisa, Cristina Enea Fundazioak markaren eta salgai dituen produktuen ingurumen irizpideen diagnosia egin dio.

Diagnosi horretan, ikur pare bat nabarmendu ditu fundazioak. Batetik, Panama estiloko kapelak. “Signes etxearekin lan egiten dugu, Alacanteko marka bat, oso artisau-lana ona egiten duena eta Ekuadorreko indigenekin zuzenean harremanetan dagoena, horiek baitira lastoa lantzen dutenak, eta itzulera zuzenean nekazariarengana joan dadin eta bidean gal ez dadin saiatzen dira”.

Bestetik, Boinas Elosegui ere aipatu du diagnosiak. “Hemen bertan egindako hurbileko produktu bat eskaintzeaz gain, Oeko-tex ziurtagiriaren zigilua dute, erabiltzen dituzten tindagaiak osasunerako kaltegarriak ez direla ziurtatzeko”, azaldu du dendariak. %100 artile naturalekin lanean jarraitzen dutela ere badio, “eta hasiera-hasieratik artisau-ekoizpeneko prozesuari eusten diote”.

Hirugarren marka Stetson estatubatuarra da, “kimikoki tratatuta ez dauden kotoiak” erabiltzen dituena, “freskoagoak eta arinagoak izan daitezen”.

“Badakigu ezinezkoa dela produktu guztiak %100 ekologikoak izatea, baina produktu naturalekin lan egiten dutenak ikustean, horiek aukeratzen saiatzen gara”, gaineratu du Leclercqek. Ehun naturalak eta organikoak beti otzanagoak direla ere uste du, eramateko errazagoak eta arinak. “Produktu naturalak dira preziatuenak”, gaineratu du.