- Koronabirusak eragindako krisia dela eta, aurtengo uda berezia izango da eta turismoan eragin zuzena izango du. Hori dela eta, Donostiako Turismoak estrategia berria garatu du eta bi kanpaina osatu ditu aurtengorako: alde batetik, bertakooi zuzendutakoa, Uda honetan Hemen Geratuko Naiz lelopean. Hiria beste ikuspegi batetik gozatzeko proposamenak dira, batez ere. Beste alde batetik, Estatutik eta Europatik etorriko diren bisitariei zuzenduta, Arnastu Donostiak egonaldi lasaia, osasuntsua eta segurua eskaini nahi die.

"Hiriak denok gozatzeko dira, bertakook ere bai, donostiarrok geure Parte Zaharraz gozatu behar dugu, geure badiaz... Hori nahi dugu, uda honetan donostiarrok hirian disfrutatzea", esan zuen atzoko aurkezpenean Cristina Lagé Turismo zinegotziak. "Hemen geratuko direnek pozteko arrazoiak ere izatea nahi dugu eta hiriaren eskaintza ezagu-tzea", esan zuen Isabel Agirrezabala Donostia Turismoko zuzendariak. Hala, bulegoak eskaintzen dituen produktuak edo planak erosiz gero (kayaken ibiltzea, paddle surf egitea, irteera belaontzian, museoetarako sarrerak...) %10eko, %15eko eta %25eko deskontuak egingo dituztela esan zuen.

Bestalde, Donostia beti izan dela erlaxatzeko helmuga gogoratu zuen Lagék, bainuetxe hiria izanik, batez ere, XX. mende hasieran, eta hori dela kanpotik etorriko direnei helarazi nahi dieten mezua. "Askatasun mezua da, lasaitasunarena...", gaineratu zuen Agirrezabalak. Bertako hotelek eta enpresek promozio bereziak ere egingo dituztela esan zuen eta Donostia Turismoak bere bulegoaren eta webgunearen bidez horiek jakinaraziko dituela. Kanpaina hau, printzipioz, batez ere Estatuan zabalduko dute, baina mugikortasun mugak murrizten badoaz Europa mailan ere zabaldu nahi dutela esan zuen Agirrezabalak.

Udan zehar komunikazio lana etengabea izango dela ere esan zuen eta, sare sozialen bitartez, sortutako mezu, irudi eta bideoak argitaratzen jarraituko dutela.

Kanpaina honetan Gipuzkoako Sabadell bankuak parte hartu du eta Donostia Turismoa eta eragile pribatuen arteko elkarlanak jarraipena izango duela esan zuen Lagék.