bertan

Txomineko etxebizitzen zerrenda, astelehenean

Behin-behineko emaitzekin arazoak dituztenek, Etxegintzara jo dezakete

23.05.2020 | 01:15
Txomineko etxe berriak.

donostia – Donostiako Etxegintzak astelehenean argitaratuko ditu Txomineko alokairuzko 162 etxebizitzak esleitzeko behin-behineko emaitzak. Baremazio prozesua jarraitu dute lehenengo aldiz eta eskaeretan topatutako hainbat akats zuzendu ondoren, orain argitaratuko dute lehen zerrenda. 7.253 pertsonek eman zuten izena eta eskatzaile guztiek mezu bat jasoko dute telefonoan edo posta elektronikoan esteka batekin, norberaren egoera eta puntuazioa ikusteko.

Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak prozesua nahi baino gehiago luzatu dela onartu zuen atzo. "Prozesu honen helburuetako bat zen hirian etxebizitza eskaera egiten duten pertsonen datuak eguneratzea. Eta lortu da, izan ere, prozesua hasi zenean 30.000 eskatzaileen datuak zeuden, eta horietatik bakarrik %22 gelditu dira. Eta datu horrek bat egiten du hirian etxebizitza eskaera aztertzen duten hainbat ikerketarekin", azaldu zuen.

Behin-behineko zerrendaren eta puntuazioaren inguruan dituzten kezkak argitzeko Donostiako Etxegin-tzaren bulegora jo dezakete, asteartean bertan zabalduko baititu ateak. Aldez aurretik ordua eskatu beharko dute eta hori egiteko astelehenetik izango dute telefonoz deitzeko aukera (943 481 765), edo webgunean bertan ere har dezakete ordua. Hitzordu bakoitzeko pertsona bakarra joan ahal izango da (mendeko pertsonak salbuetsita) eta maskara eramatea ezinbestekoa izango da.

Ekainaren hasieran alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea hasiko da eta horiek erantzun ondoren argitaratuko dira behin betiko zerrendak eta egingo dituzte esleipenak.