bertan

Donostiako kiroldegiek ia 9.000 erabiltzaile izan zituzten iaz egunean

Kirol txartelak ere marka hautsi zuen eta 49.000 bazkidetik gora lortu zituen

21.05.2020 | 01:26
Iaz zabaldutako Altzako kiroldegiko gimnasioa.

donostia – Donostiako kiroldegietan iaz, batez beste, ia 9.000 pertsona sartu ziren egunero, aurreko urteotako markak gaindituz. Guztira, ia 3,2 milioi bisita zenbatu zituzten urte osoan, 2016an Altzako kiroldegia itxi baino lehen lortutakoak baino gehiago. Paco Yoldik izan zituen bisitari gehien, 475.000 guztira. 2019 hasieran Altzan zabaldutako behin-behineko gimnasioak, berriz, 67.000 erabilera izan zituen.

Iazko memoria aurkeztu zuen atzo Donostia Kirolak eta datu nagusienek gora egin zuten nabarmen. Adibidez, kirol txartelak berriro ere gora egin zuen eta 2019. urtearen bukaeran 49.000 bazkide baino gehiago zituen. Horiei hiriko kiroldegiak kudeatzen dituzten kluben bazkideak batuz gero, kopurua 57.000koa da: hamar donostiarretik, hiru.

Hirian antolatutako kirol proba herrikoietan parte hartu zuten pertsonen kopurua ere nabarmen-tzekoa da: 74.000 parte-hartzaile. 36 herri-lasterketa antolatu zituzten eta horiek bakarrik 65.000 parte-hartzaile izan zituzten (%42 Behobia-Donostiakoak izan ziren).

Donostia Kirolak antolatutako ikastaro eta ekintzetan, berriz, 35.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ziren. Kirol Ekintzak kanpainan 18.000 pertsonak parte hartu zuten eta udako ikastaroetan, berriz, 14.000tik gora.

Bestalde, 82 kirol klubek eta 40 ikastetxek Donostia Kirolaren dirulaguntzak jaso zituzten iaz, guztira 1,44 milioi eurokoak.

balorazioa Erabiltzaileen iritzia ere jasotzen du urtero osatzen duten memoriak, inkesten bidez jasotakoa. Batez besteko balorazioa 7koa izan zen iaz eta ikastaroetako parte-hartzaileena bakarrik kontuan hartuta, 8ra iritsi zen.

Jasangarritasunari dagokionez, instalazioetan egindako berrikun-tzen ondorioz, 2016tik energia-kontsumoa %21 murriztu da eta kiroldegietako C02 emisioak, %65.

Emaitza oso onak direla onartu zuten atzo Donostia Kirolako arduradunek. Aurtengo datuek osasun-krisiaren eragina jasango dute, baina aurrera begira hazten jarraitzeko aukera ikusten dute, Altzako kiroldegi berriarekin eta Erriberetako instalazio berrituak kirol txartelaren baitan sartzearekin ere bai.

datuak

Erabiltzaileak. 3.197.802 erabilera izan zituzten iaz kiroldegiek, 2018an baino 160.000 gehiago. Erabilienak Paco Yoldi (464.701), Zuhaizti (395.697) eta Benta Berri (358.902) dira.

Kirol txartela. 49.399 bazkide zituen 2019 bukaeran kirol txartelak, aurreko urtean baino 1.000 gehiago. Antigua eta Amara Berri dira abonatu gehien dituzten auzoak. Altza laugarren tokian dago (Aiete da hirugarrena), 2019an igoera nabarmena izan ondoren. %9,3 ez dira donostiarrak. Hiriko kiroldegiak kudeatzen dituzten kluben bazkideak gehituz gero, guztira 57.000 bazkide daude. Hau da, Donostiako hamar biztanletik, hiru.

Ikastaroak. Kirol Ekintzak kanpainan 17.778 parte-hartzaile izan ziren eta Uda kanpainaren baitan, 14.067. Eskola igeriketan 3.374 ikaslek hartu zuten parte. Hiru datuak aurreko urtekoak baino zertxobait hobeak dira.

Herri probak . 74.000 pertsona inguruk hartu zuten parte proba herrikoietan Horietatik 65.000 urtean zehar antolatutako 36 herri-lasterketetan bildu ziren (horien artean %42, Behobia-Donostian). 40 kirol-ekitaldi antolatu ziren urte osoan zehar.

Balorazioa. Kirol txartelako bazkideei egindako inkestan, batez besteko nota 7 izan da, aurreko urteotan baina zertxobait okerragoa. Ikastaroetakoa 8koa izan zen.

Autofinantziazioa. 2019an autofinantziazioa %54,42koa izan zen (2018an %66,20koa zen). Autofinantziazio funtzionala, aldiz, %62,26koa izan zen (aurreko urtean, %70,29koa).

Goi-mailan. Goi-mailan aritzen diren hamalau kirol talde daude Donostian eta horietatik bedera-tzi emakumezkoak dira.

Federatuak. Lizentzia federatuen kopuruak gora egin zuen iaz eta guztira 10.912 lizentzia daude Donostian, kadetetik seniorrera. Horietatik %34,5 emakumezkoenak dira (gora egin du emakumezkoen ehunekoak).

Guztira 74.000 pertsonak parte hartu zuten iaz antolatutako kirol-proba herrikoietan, inoiz baino gehiago