donostia - Donostian jarraituko du Erviti musika denda ezagunak. Erdialdean, gainera. Askatasunaren hiribideko 4. zenbakian irekiko ditu ateak maiatza edo ekaina inguruan, aurretik lan batzuk egin eta egoitza berria atondu ondoren.

XIX. mendearen amaieran zabaldu zituen ateak Casa Ervitik eta 100 urtetik gora eman ditu gaur egungo egoitzan, Artzain Onaren katedralaren parean, San Martin eta Loiola kaleen arteko kantoian. Hiriaren eta gizarte osoaren erabateko eraldaketaren lekuko izan da urte hauetan guztietan, baina lokala uzteko agindua jaso zuen pasa den udan.

José de Erviti y Segarra iruindarrak zabaldu zuen negozioa, Madrilen musika formazioa jaso ondoren. Haren alabak (Ines) eta José Manuel Garate Erviti bilobak jarraitu zuten negozioarekin. Gaur egun, Garateren bi semeek kudea-tzen dute negozioa eta familiaren bosgarren belaunaldiak ere bertan egiten du lan.

Alokairuan izan dute beti aipatutako lokala baina 2019ko udan, Garate Ervitiren emaztea hil zenean (Jose Manuel lehenago zendu zen), garai batean sinatutako kontratuaren obligazioak bertan behera gelditzen zirela esan zieten jabeek (haiek izan baitziren ordura arte indarrean zegoen kontratu hori sinatu zutenak, errenta zaharrarekin). Luis Mari Garate semeak, negozioaren gaur egungo arduradunetako batek, errenta eguneratzen eta negoziatzen saiatu zirela kontatu zuen, jakinda alokairu zaharraren baldintzak aldatuko zirela. Baina ezezkoa eman zieten eta lokal berri baten bila hasi behar izan zuten.

bilaketa luzea Donostiako egoera kontuan hartuta, ez da batere erraza izan, baina Garatek garbi zeukan Donostian jarraitu nahi zutela. Luze jo die eta egoera, bitartean, zaila izan da, baina bezero eta ezagunen aldetik babesa jaso dutela ere kontatu du, eta oso eskertuta daude. Azkenean, Askatasunaren hiribidean topatu dute egoitza berria, baldintza egokietan haien ustez.

Familia-negozioak urte hauetan guztietan bide luzea egin du. Hirian (eta Gipuzkoa osoan) erreferentea da, baina musikari profesionalen artean ere bai, eta Europa osoko musikariek jotzen dute gaur egun haiengana. Lekuz aldatuta baina Donostiatik atera gabe jarraituko dute hemendik aurrera lanean.