Síguenos en redes sociales:

San Sebastian eguna martxoan, llama bat desfilean eta danborrada Buenos Airesen

Danborradak 150 urte beteko dituenean, ekar ditzagun gogora bere historiako hamaika pasadizo

San Sebastian eguna martxoan, llama bat desfilean eta danborrada Buenos AiresenJavier Colmenero

Buenos Aireseko danborradarekin hasi, haurren desfileko sua edo urtarrilaren 20a martxoaren 19an ospatzea. Konstituzio Plazan banderaren lehen igoeratik ehun urte pasa direnean, gaur egun ezagutzen dugun eran 150 urte beteko dituen danborradaren historia anekdotaz beteta dago.

Duela ehun urte pasatxo, 1920an, Buenos Airesen egin zen diasporako lehen danborrada. Argentinara joandako ehunka donostiar eta gipuzkoarrek herrialde hartara egokitu zuten jaia, eta inolako zalantza izpirik gabe danbor eta upelak hartuta kalera atera ziren.

Handik urte batzuetara, 1935ean, handik urtebetera fusilatu zuten Jose Luis Paternina alkateak, desfilatzeko baimena danborrada ofizialek baino ez zutela izango agindu zuen, eta ez hainbatek “lotosoak” deitzen zieten espontaneoek. Erabaki hura ez zuten batere ondo hartu donostiarrek, eta alkateari txistu egin zioten Konstituzio Plazako Banderaren Igoeran, hitzaldia ematea eragotziz.

Gerra Zibila lehertu zenean, danborradarik ez zen ospatu 1940ra arte. Eta beste zortzi urte baino ez ziren pasa, banderaren igoera berriro bertan behera uzteko. Arrazoia, orduko hartan, “euri jasa itzela” izan zen; Gaztelubide konpainiako kideek ihes egin behar izan zuten tximista andanatik babesteko.

1947ko urtarrilaren 20an Alderdi Ederrera lekualdatu zen Udala, eta, horrekin batera, baita banderaren Igotzea ere. Ez denbora luzerako ordea, 1953an jaiaren inaugurazio ekitaldia orduan uztailaren 18ko Plaza izena zuen Konstituzio Plazara itzuli baitzen.

Handik lau urtera, 1957an, ordura arte hilaren 20ko goizeko zazpiretan irteten zen Union Artesanaren danborradak, irteera ordua aldatu zuen 22:30etara, Banderaren Jaiste edo Arriadan parte hartzeko.

Haur Danborrada

Gaur egungo itxura izan zuen lehenengo Haur Danborrada topatzeko, berriz, 1961era joan behar dugu; orduan desfilatu zuten 8 eta 12 urte bitarteko 300 bat haurrek Donostiako kaleetan zehar, San Inazio ikastetxeak zeramatzan kanoi eta guzti, martxa mantsoa zutelako danborrada itxiaz.

1964an, Vatikanoan entzun zen Donostiako Martxa. Amor Misericordioso Konpainiako bost haur Paulo VI. aita santuarengana joan ziren bisitan, euren bandera eraman zuten, eta uniformeak jantzita Donostiako Martxa eta Iriyarena interpretatuz.

Handik bi urtera jarri zituzten estreinakoz ordainpeko tribunak desfileak ikusteko. Hernani kalean ipini zituzten, eta elkartasunezko helburua zeukan: konpainia berrientzako dirua biltzea.

Urte horretan bertan gertatu zen, gainera, garai hartako pasadizo surrealistenetako bat, hiriaren inguruko mendi batean aurkitutako llama batek hartu baitzuen parte martxan Marianisten Konpainiarekin.

60ko hamarkadaren amaieratik 70eko hamarkadara bitartean oso garai korapilatsuak bizi genituen Euskadin, eta Danborradan ere ederki antzeman zen giro hura. Esate baterako, 1969an, salbuespen egoeraren deklaratu izanak eragotzi egin zuen ospakizuna; eta 1977an, urtarrilaren 19an ikurrina legeztatzearekin batera, gure bandera joan zen hilaren 20ko desfilearen aurrean.

Haur Danborradak une historikoa bizi izan zuen 1978an. Egia esan, ez zen eguraldi txarragatik atzeratu zen lehen aldia –1965ean urtarrilaren 24an egin zen eta 1972an urtarrilaren 23an–, baina orduko hartan, eta hiru aldiz atzeratu ondoren, martxoaren 19an egin zen, San Jose egunarekin.

Parekidetasuna eta berdintasuna ez ziren gure festara berehalakoan iritsi, 1980ra arte ez baitzen kalera irten emakumeek instrumentu bat jotzen zuten lehen danborrada mistoa. Aitzindaria Kresala izan zen, emakumea festan txertatu asmoz urketarien figura sortu zuelarik.

1987an zuzendu zuen lehenengoz neskato batek bere ikastetxeko danborrada. Axular Lizeoko Eunate Eizagirre izan zen

Handik zazpi urtera, 1987an zuzendu zuen lehenengoz neskato batek bere ikastetxeko danborrada. Axular Lizeoko Eunate Eizagirre izan zen.

Bestelako bitxikeriei erreparatuz, 1996an, jenerala izateko aukeratutako haurra aldatu egin behar izan zuten, zegoen jantzi bakarrean sartzen ez zelako. Gainera, lehen aldiz saiatu ziren Alderdi Ederreko elkarretaratzean Donostiako Martxa jotzen, eta erabateko kaosa izan zenez, ez zen berriz errepikatu.

Te puede interesar:

XXI. mende etortzearekin batera, 2006an sartu zuten Gaztelubideko danborradan urketarien figura, eta handik sei urtera, 2012an, Ainhoa Olasagasti izendatu zuten lehen Urketari Nagusi.

Azkenik, 2021ean, munduko covid pandemiak festa bertan behera uztera behartu zuen. 2022an partzialki berreskuratu zen, eta protokolo guztiak zintzo zainduta, txikienek bost auzo desberdinetan desfilatzeko aukera izan zuten.