Danbor hotsa nagusi izango da astelehen honetan Alderdi Ederren 12.00etatik aurrera, aurtengo Haur Danborradarekin. Guztira 4.625 ikasle bilduko dira, 39 ikastetxe zein elkartetako 45 konpainiatan. Donostiako kaleak milaka ikaslerekin beteko dira, familiartekoekin eta ikaskideekin bizitza osorako ondo gogoan gordeko duten hitzordu ederrean.
Eneko Goia Donostiako alkateak argi asko esan zien joan den asteko Haur Danborradaren aurkezpenean, “erantzukizun handia duzue, hiriko egunik garrantzitsuena delako”, desfilean parte hartuko duten pertsonaiei bizia emango dieten haurrei. Urteko egunik berezienetako bat da, eta hala sentituko dute adingabeek, Gipuzkoako hiriburua kolorez tindatzeko prest.
Aurtengoan, Amassorrain ikastolako ikasle Ander Alustiza Salsamendik izango du ardura nagusia; bera izango da Danbor Nagusia, eta berak zuzenduko du danborrada Udaletxetik. Berarekin batera izango dira udaletxeko balkoian, Liher Jiménez Paredes alkatea, Ane Gardón García notarioa, Gari Pérez García jenerala eta Aya Ramlaouane laguntzailea, guztiak Harri Berri Oleta Ikastetxekoak, aurten eurei egokitu zaielako desfileko pertsonaiak itxuratzeko ardura.
Zerrenda, honako hauek osatuko dute: Irati Lopetegi Jordana izango da Easo Ederra, Damak berriz, Maialen Casasola Navarro eta Irati Erquicia Puerto; Alba Jara eta Ioar Perales González, Herritarrak; Aroa Lizarraga Castillo, Batelaria; Mikel Erquicia Puerto, Arrantzalea; Berta Millán Belloso, Irulea; Maddi Martínez Naumowicz, Inudea; Jon Narbaiza Parra, Artzaina; Oier Sanz Fernandez, Merkataria; Alaitz García Durán, Urketaria; eta Kilian González Varga, Mandazaina izango da.
Sei Zaldizainak Ivan Cajigos Zealaya, Mare Lizarraga Castillo, Leia Llamazares Egües, Irati Llamazares Egües, Marko Millán Belloso eta Ian Morcillo Palacio izango dira.
Astelehen honetan beteko dira, gainera, 50 urte, 1813ko setioan Gipuzkoako intendentzia-gorputzeko jantzia erabiliz Erain-Eskibelek bere haur-danborrada lehen aldiz atera zuenetik.
Ez da euririk espero
Eguraldiari dagokionez haurrak eta gurasoak lasai egoteko moduan dira aurten, ez baita euririk espero. Hotza bai, egingo du, eta tenperatura ez da 13 gradutik gora igoko eguerdi partean, goizeko lehen orduan 7 gradu inguruan ibiliko delarik. Upelei gogotsu astintzeko aitzakia polita, eskuak eta gorputza berotzeko. l