Dena amaitu al da? Dena agortu da? Ez dakigu. Geroz eta “gerra eta ezberdintasun gehiago” dauden mundu honetan, gizarte modura “kondenatuta” bizi garen edo ez hausnartzetik abiatutako pentsaeraren ondorioa da Azazkaletan geratzen dena obra. Baina, hala al da? Ez al dago esperantzarik? Hain justu, horri buruzko gogoeta plazaratzen du obrak. Izan ere, barruko animalia askatzeko beldurrik ez dutela erakusten duten zazpi antzezle dira protagonistak, eta horrek guztiak erantzunen bat izatekotan, mahai inguruan aurki daitekeela uste dute

Azazkaletan geratzen dena oturuntza bat da. Zikintzea aldarrikatzen duen erritual bat da. Ospakizun bat non eskuekin jatea derrigorra den . “Mundua kaka eginda dagoela zen hasierako nire pentsamendua, gizarte modura kondenatuta gaudela sentitzearena. Eta porrot egitearen etsipen sentsazio horretatik, mundu honetan jarraitzera zerk bultzatzen gaituen pentsatzen hasi nintzen. Ze, zergatik ez dugu gure buruaz beste egiten? Zerk manten-tzen gaitu bertan?”, hausnartu du Amaia Cabero obraren sortzaile eta koreografoak. Eta “samurtasuna” bezalako berbak otu zi-tzaizkion orduan, baita izaki sozialak izatearen sentsazioa ere: “Izaki sozialak garen heinean, taldearen beharra dugu, eta horrek aurrera egiten bultzatzen gaitu. Ametsak ere badauzkagu”.

Eta, oturuntza bat da elkarrekin egotea ospatzeko erritual aproposa. Hala, eszenografia hori aintzat hartuta, elkar ukitzeko, azaleko kapak kentzeko eta barruko animalia aske uzteko aldarria plazaratu dute Azazkaletan geratzen dena obran. “Elkarrekin egotea ospatzen duen errituala da gure oturuntza, satira bat, non gure buruari buruz barre egiten dugun, baina salatu beharrekoak ere salatzen ditugun”, gehitu du. Jan eta edan egitearen ideia zabaldu dute, baina baita ukitzearena ere: “Ze, azken finean, hori da bizitzara lotzen gaituena. Gizaki moduan zenbait kapa ditugu: betebeharrak, egitekoak… Baina, goazen oinarrira: zer behar dugu?”.

Eta, beharrizana elkar ukitzea dela sinesten dute: “Teknologia berriekin gero eta indibidualagoak gara. Beldurra ematen digun elkar ukitzeak. Ba guk zikintzea aldarrikatzen dugu, oinarrizko zerbait izango balitz bezala”. Eta, oturuntza da obrak aldarrikatzen duen elkarrekin egoteko gunerik aproposena: “Hori aldarrikatzeko oturuntza aprobetxatu dugu, ze, nahi edo nahi ez, jendarte kristau batean bizi gara, eta horren arrastoek bizirik diraute oraindik”. Hala, azken afariaren sinbologiarekin jolastu dute, “baina ironiatik”.

Ikuskizunaren beste eszena bat. Goretti Serrano Akarregi

Baina, zer da, orduan, azazkaletan geratzen dena? “Azazkaletan geratzen dena da norbere bizitzaren memoria. Ukitutako guztia, bizitako guztia, esperientzia eta desira guztien arrastoa. Era batera edo bestera gordeta gera-tzen den guztia da azazkaletan geratzen dena”, gehitu du koreografoak

Diziplinartekotasuna

Dantza eta an-tzerkia batuz plazaratzen ditu hausnarketa eta aldarri horiek guztiak Azazkaletan gera-tzen dena obrak. “Buruan zenbait gai neuzkan bueltaka, eta horiei forma eman gura nien. Ni dantzatik nator, baina beti gustatu izan zait literatura eta idaztea, baita bi diziplinak uztar-tzea ere. Diziplinartekotasuna bizirik dago, eta nik mugimendutik lortzen dut testuak ematen ez didana, eta testutik mugimenduak ematen ez didana”, azaldu du Caberok.

Bi diziplinak uztartzeak “sortze prozesuan sortzeko tresna gehiago” izatea dakarrena uste du, eta hori dibertigarriagoa da koreografoarentzat. Neguan hasi ziren proposamenari forma ematen, eta sortze prozesua “polita” izan dela dio. Urtarrilean, tailerrean sartu zen, koreografiaren bizkarrezurra sortuz. Eta, martxoan taldean batzen hasi ziren, “gauzek euren lekua har” zezaten. Testua eraikitzeko, baina, jolas batzuk izan zituzten izpide, eta ekainerako osatu zuten. Gero, uztailera bitartean, “buru-belarri” aritu ziren lanean, Lekeitioko Kaleka antzerki jaialdian aurkezteko.

Kalekan aurkezteak “urduritasuna” eragiten zien, ez zekitelako zenbat jende bertaratuko zen, ez eta nola hartuko zuten ere. Baina egindako lanak “merezi” izan zuen. Lekeition izan ostean, Markina-Xemeinen eta Ondarroan ere egon ziren: “Ondarroan oso babestuta sentitu ginen, motibatuta. Gu ondarroarrak gara, eta ez gara profesionalak. Eta askotan ez dakigu zein zirkuitutan sar gintezkeen. Baina, badaukagu eskubidea gure lana erakusteko, kalean egoteko. Eskerrak Kaleka bezalako topaguneak existitzen diren”. 

Hain zuzen ere, Kalekara aurkezteko sortu zuten kolektiboa, baina beraien asmoa ez zen talde bat sortzea. Hala, orain, taldearen noranzkoa zehazteko hausnarketa prozesu batean daude. “Iraila ailegatu da, eta deskan-.tsu bat hartu dugu. Geldiune baten gaude, hausnartze prozesu batean, norantz jo erabakitzeko”. 

Hala ere, egindako lana hor dago: “Oso harro gaude egindako lanagaz. Profesionalki an-tzerkira dedikatzen ez garen jendeak proiektu bati horrenbeste denbora, energia eta maitasun eskaini ahal dizkiola ikustea ederra da, eta eskertuta gaude”.