- Gerra zibilaren eta memoriaren berreskurapenaren inguruan hainbat ekintza antolatu ditu Angiozar Bailarako Batzarrak. Gaur, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide den Juan Ramon Garaik Errepresioa Debagoienean izeneko hitzaldia eskainiko du 19.00etan, Ortzi tabernan. 1936an Bergarako auzoan eta eskualdean gertatu ziren erailketei eta errepresioari buruz hitz egingo du Garaik. Larunbatean, aldiz, Angiozarko memoriaren txokoa inauguratuko dute 12.30ean hasiko den ekitaldian.

Bestalde, Arrasaten Errekaldetarrak ibilaldi gidatua egingo du Intxortak larunbatean. Aitor Etxarte Berezibar arrasatearra izango dute gogoan Debagoieneko Fusilatuen monolitoaren ondoan hasiko den txangoan (11.30ean). Olarte kalea, Biteri eskola, Union Cerrajera, Errekalde etxea eta Plus Ultra taberna (azken hau errekaldetarrek zabaldu zuten) dauden (eta zeuden) lekuetan geldiuneak egingo dituzte.