Oñatiko Txanda Dendarien Elkarteak bertan erosten duten kontsumitzaileei saritu nahi ditu. Oñati bizirik dagoela aldarrikatu nahi dute. Horretarako, ohitura hori dutenei keinu bat egin diete; tokikozaleei, alegia. Beraz, Oñatin erosten duten herritarrak kotoi organikozko poltsa batekin sarituko dituzte merkatariek. 50 euroko sei sari ere banatuko dira.

Hitz joko bat erabiliz martxan jarri dute kanpaina berri hau. "Joku Olinpikoen aitzakiaz, denok Tokiora begira egongo garen honetan, Txandatik tokikoa (eta ez Tokiokoa) oso garrantzitsua ikusten dugu. Oñatiko merkatariok inoiz baino gehiago tokikozalearen figura aldarrika-tzen dugu. Tokikozalea hitzak herriko dendetan erosten zalea den pertsona deskribatzen du, bizi garen herri honetan erosketak egiteko joera duena, zero kilometroko gaiak kontsumitzen dituena eta herriari bizitza ematen diona", azpimarratu zuten atzo ekimenaren aurkezpenean. Era honetan, Tokikoa batean eta Tokiokoa bestean dioten kartelak ipini dituzte hainbat komertziotako atarietan.

Kanpaina herritar guztiei zuzenduta dagoen arren, batez ere gazteengan jartzen du arreta, "hauek ere herriko dendetan kontsumitzera ohitu daitezen", azaldu zuten Txanda Elkartetik.

Tokiko komertzioetan erosketak egiten dituztenek kotoi organikozko poltsa bat hartuko dute opari gisa, egunerokoan erabiltzeko. Oporretan poltsa horrekin argazki bat atera eta sare sozialetara igotzen dutenek (#NiTokikozale traolarekin) Txandako Instagram zozketan parte hartu ahal izango dute. Guztira, herriko dendetan gastatzeko 50 euroko sei sari emango dituzte. Irailean jakinaraziko dira irabazleak.