- Uztailaren 5etik 23ra egingo dira aurtengo Txatxilipurdi Elkarteak antolatutako udaleku irekiak Arrasaten iazko etenaren ostean. Hainbat moldaketa egin behar izan dituzte ohiko funtzionamenduan: plazak mugatuak izango dira (guztira 156) eta izen-ematea online bakarrik egin ahalko da, gaurtik aurrera elkarteko webgunean edo QRaren bitartez.

"Urtero bezala herriko hiru gunetan antolatuko dira udalekuak: Erdigunean, Musakola eta San Andres auzoetan. Azken bi hauetan, adin tarte bakoitzeko hamahiru haurrek osatutako talde bakarra egingo da bi hezitzaileren ardurapean; erdigunean, ordea, bi talde eratuko dira", adierazi zuten Itsaso Gallastegik eta Arantza Osorok.

Beste aldaketa bat da astekako izena emateko aukerarik ez dagoela. Zaintza zerbitzuari dagokionez, azken urteotan bezala, 9.00etatik 10.00etara bitartean eskainiko dute behar duenarentzat.

Haur Hezkuntzakoak 10.00etatik 13.00etara elkartuko dira. Lehen Hezkun-tzako lehen mailatik hirugarrenera bitartekoek, aldiz, goizean ez ezik, arratsaldean ere izango dute ekin-tzetan parte hartzeko aukera (16.00etatik 18.00etara). 2009 eta 2011 artean jaiotakoek astean bi egunez 10.00etatik 17.00etara izango dute hitzordua, eta beste hiru egunetan goizez bakarrik, 10.00etatik 13.00etara.

Bestalde, familia ugaria edo AEDko bazkide direnak, %5eko deskontua izango dute matrikula egiterakoan.