- Deba ibaian azken hilabeteetan "gutxienez hiru isurketa" egon ondoren, Aretxabaletako EH Bildu kezkatuta agertu da. "Badakigu Ur Agentzia horien gainean dagoela eta behar diren ikerketak egiteko prozedura zabaldu duela", azaldu du koalizioak prentsa ohar baten bidez, baina Udalari hainbat eskaera egiten dizkiote, "gertatu dena ez errepikatzeko eta gertatuz gero, ahalik eta bizkorren neurriak hartzeko".

Lehenengo eskaera euri-uren hodien planoak eguneratzea eta ibairako irteera bakoitzean zein enpresa egon daitezkeen zerrendatzea da, baita informazio hau udaltzainen esku uztea ere. Ur Agentziarekin protokolo bat zehaztea ere proposatu du EH Bilduk, "udaltzainek uraren lagin bat lehenbailehen har dezaten". Gainera, komentu ostean dagoen metal-uraren hodiaren egoera azter-tzea ere beharrezkotzat jotzen du, eta bukatzeko, Udalari eskatzen dio isurketa bat dagoenean salaketa jar dezala Bergarako epaitegian.

Herritarrei ere egin die eskaera EH Bilduk: "Halakorik sumatuz gero, 112ra edo udaltzainei lehenbailehen deitzeko". "Oso garrantzitsua dira lehenengo momentuko ikerketa horiek, balizko kalteak ekidin eta isurketaren nondik norakoak iker-tzeko", azpimarratu du koalizioak.

Arduraz jokatzeko ere dei egin diete atxabaltarrei zein enpresei, "azken urteetan kostata lortu den errekaren kalitatea kolokan ez jar-tzeko; beraz, errespetatu eta zaindu behar dugu".