- Ibailagun programaren helburua erreken eta gordetzen duten biodibertsitatearen garrantzia ezagutzera ematea eta hauen babesareriko sentsibilizazioa herritarren artean piztea da. Gaur emango diote hasiera Natur Eskolak bultzatzen duen ekimenari Oñatiko Erreka bizirik! izenburua duen erakusketarekin. Herriguneko errekaren pasealekuetan zehar panel txikiak egongo dira ikusgai hilaren 11a arte.

Bihar, aldiz, Durienses; los endemismos del Duero delako dokumentala eskainiko dute kultur etxean (19.00etan; doan). Urbion mendiaren hegoaldean 2.100 metroko altueran sortu eta Portugalgo Oportoko estuarioan itsasoratzen den ia 900 kilometroko Duero ibaiak gordetzen duen biodibertsitate berezi eta harrigarriaren inguruko ikus-entzunezkoa da.

Urriaren 10erako Arantzazu erreka arroa eta Gesaltzako lisuna ibilaldia antolatu dute. "Arantzazu erreka jarraituz, Gesaltzako lisuneraino iritsi eta bertan sartuko gara azalean zein lurpean milaka urtetan sortu dituen egiturak ikusteko", aurreratu dute Natur Eskolatik. Izenak 943 716 404 edo 652 771 396 (whatsapp) telefonoetan eman beharko dira.

Hilaren 11an erreka garbiketak hartuko du lekukoa eta, horretarako, Foruen enparantzan elkartuko dira 9:00etan. Herrian lehenengoz egin ziren ekitaldi hauen aitzindari izan zen Selma Huxley ikertzailea gogoratuz, zaborrak eta landare inbaditzaileak jasoko dituzte. Gehienez, hamar pertsonako taldeak egingo dira bakoi-tzak tarte jakin bat garbitzeko.

Ekintza guztietan maskara derrigorrezko izango da.