Deba eta Itziar | Naturarekin bat egiteko zikloa izango da udan

Osasun Haziak taldeak herritar guztien partaidetzari irekitako hitzaldiak, tailerrak eta txangoak antolatu ditu

06.06.2021 | 00:29
Gorputza askatzeko dantza tailerra izango da hondartzan. Argazkia: J.L.

deba – Urtarrila eta otsaila bitartean egin zen zikloak jasotako erantzunarekin "oso pozik" agertu ondoren, Debako Osasun Haziak taldeak hainbat hitzaldi eta tailerrez osatutako bigarren ziklo bat antolatuko du ekaina eta uztailerako Osasunaren beste begirada bat II. Elkartuko gera? lelopean.

Udarako prestatutako bigarren zikloan aurrekoan ikasitakoak praktikan jartzeko aukerak eskaintzea dute helburu. Taldekoen hitzetan, "norbere osasunaren kudeaketa aktiboaz eta ingurukoen zaintzaz gain bizipozak ere osasunean duen garrantzia aitortzea beharrezkoa da, eta haren apologia egitera gatoz. Horregatik, eta izaki sozialak garelako egiten dugu naturan elkartzeko deia".

Taldekideen esanetan, "osatzen gaituzten alderdi fisiko, emozional, mental, energetiko edota espiritualaren arteko oreka lortzeko bitartekoak" jasotzen ditu zikloak.

Edonola ere, antolatutako egitaraua abiatzeko, Isabel Moreno makrobiotika eta yoga irakasleak Cuida tu sistema inmune a través de la alimentación y estilo de vida hitzaldia emango du datorren ostegunean (19.00etan) Zumardian, "Gurutze Gorriaren parean" (euria bada karpan).

Hilaren 15ean, berriz, Juanjo Martinez mediku zirujauak Reflexiones en torno al covid-19 hitzaldia emango du (ordu eta leku berean) eta ekainaren 21ean udari ongietorria egiteko Dantza librea, gorputza askatzen II tailerra izango da (19.00etan) hondartzan. Tailerra Uxue Pascual dantza eta mugimendu terapeutaren eskutik egingo da eta hori amaitzerakoan Danse encore sonatuaren euskarazko bertsioa (dantzan jarraitu) kantatzeko eta dantzatzeko aukera izango da.

Bestalde, Amaia Gozategi Mandalara elkarteko koordinatzaileak Death Cafe: bizitzaren parte den heriotzaz mintzatzen saioa gidatuko du hilaren 24an (19.00etan) Itziarko Burugorrin; uztailaren 4an (11.00etan) Maite Campos adituarekin sendabelarrak ezagutzeko Lasturrera txangoa izango delarik.

Zikloa borobiltzeko Nerea Arrizabalaga nekazariak barazki hartzituen tailerra eskainiko du uztailaren 8an (18.00etan) Zumardian.

noticias de noticiasdegipuzkoa