Jasone Osoro, Jon Eugi eta Iñigo Otaño Elgoibarko literaturzale eta idazleek osatutako epaimahaiak era positiboan baloratu du beren herriko Udalak 8 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko helburuarekin antolatutako IV. Idazlan lehiaketak emandakoa: urreko edizioetan askotan esan izan dugu baloreei buruz hitz egiten dutela istorioek, eta aurten, baloreak txertatuta edukitzeaz gain, kalitatezko ipuinak irakurri ahal izan ditugu: irudimen handia, idazkera ona eta gai anitzak ikusi ditugu. Coronavirusak jotako urtea izan dugu hau, eta horrek ere izan du isla ipuinetan. Izan ere, literaturak errealitatean gertatzen diren gorabeherei irtenbide bat emateko ere balio du. Literatura zale eta idazle garen neurrian, pozik eta harro gaude Elgoibarko haur eta gazte hauek jorratzen ari diren bidearekin”

Guztira 212 lan aurkeztu dira ikasturte honetako ediziora (partaidetza errekor berria ezarri da) eta horietatik 26 obra onenak saritu dituzte. Sari banaketa aste honetan egin da Kultur Etxeko Sotoan, “bi txandatan, jende pilaketarik ez sortzeko”.

Epaimahaikideekin batera, Ane Beitia alkatea eta Maialen Gurrutxaga eta Andrea Arriola zinegotziak izan ziren IV. Idazlan Lehiaketaren sariak banatzeko ekitaldian.

Alkateak Udal ordezkarien izenean hartu zuen hitza, “parte-hartzaileak zoriondu eta epaimahaikoek egindako lana eskertzeko”. Beitiak esandakoari eutsiz, “haur eta nerabeak idazketan inplikatu, eta hori gainera, euskaraz burutzea, gure hizkuntzaren etorkizun oparoan pausu bat da”.

Era berean, alkateak gogorarazi zuen “2018ko eta 2019ko lan sarituekin egin zen bezala, datorren urtean ere argitaratuko dela 2020an eta 2021ean sarituak izan diren lanen liburuxka”.

Bestalde, epaimahaiko kideek beren poza agertu zuten “sari banaketetan dagoeneko ezagun ditugun hainbat izen errepikatzen direlako urtero”. Beraien ustetan, horrek “harrobia dagoela adierazteaz gain, idazle gazte horiek talentua ez ezik lanerako gogoa ere badutela argi uzten du”.

Horretaz aparte, Jasone Osorok, Jon Eugik eta Iñigo Otañok jakinarazi zuten “maila oso ona izan arren saritu ezin izan ditugun lan asko aurkeztu direla aurtengo sariketara”. Horregatik, epaimahaikideek “idazle hauen meritua ere balorean jarri” nahi izan zuten, “eta lanean jarraitzeko animoak eman”.

Elgoibarko IV. Idazlan lehiaketaren irabazleek erosketa bonua (50 eta 120 euro artekoak, adinaren arabera), diploma eta liburuak eraman zituzten etxera sari gisa. LHko 3. eta 4. mailakoen artean Leire Etxaniz, Lea Barrutia, Lore Basurto, Nora Gurrutxaga, Unai Aizpurua, Unax Ansola, Ane astigarraga eta Manex Sánchez izan ziren sarituak; LHko 5. eta 6. mailakoen artean Iuren Huertos, June Arriaga, Inar Urizar, Aitana Luque, Estitxu Arregi, Sara Etura, Duna Santos eta Xabat Ibirriaga; DBHko 1. eta 2. mailakoen artean Mikel Rodriguez, Mikel Sastre, Ivania Alvarado eta Eneritz Mulas; DBHko 3. eta 4. mailakoen artean Sare Sainz, Joane Kapanaga, Nora Cantón eta Eneko Etxaniz eta Batxilergoa eta Lanbide Heziketakoen artean Irati Aran-tzamendi eta Garazi Garrido.

Epaimahaiak “irudimen handia, idazkera ona eta gai anitzak” ikusi ditu Udalak antolatutako IV. lehiaketara aurkeztu diren obretan