- Debako Udalak 2021erako onartutako aurrekontuetan jasota geratu ondoren, Itziarko Auzo Udalak 1.090.562 euro izango ditu aurten bere jarduerari aurre egiteko; 2015ean eratu zenetik izan duen diru-kopururik handiena. Hori dela eta, Itziarko tokiko erakundearen ordezkariek beren poza agertu dute “sei urteren ondoren, Itziarko Auzo Udalak dagokion aurrekontua osotasunean jasoko duelako”.

Arantza Egaña auzo alkateak aurrekontuak adosteko prozedura goraipatu du. Bere hitzetan, “urteroko aurrekontuak eztabaida iturri izan dira, eta gure desadostasuna adierazi izan dugu Auzo Udalaren aurrekontuari urteetan murrizketak egin dizkiolako Debako Udalak. Aurtengoa prozedura, aldiz, zuzena izan da eta lehenbizikoz jaso du Itziarko Auzo Udalak legez dagokion diru-kopurua”. Hori dela eta, tokiko erakundeak “aurreikusita genituen hainbat proiektuetara eta pandemiak sortu dituen beharrizan berriei lehentasuna ematera” bideratu ditu aurtengo aurrekontuak.

Edonola ere, Auzo Udalak 287.938 euro bideratuko ditu (aurrekontuaren %26,4) inbertsio ezberdinak gauzatzeko. Gehienak oinarrizko azpiegitura berrietara bideratuko dira.

Horien artean Itziarko sarrera asfaltatzeko (40.000 euro), Lasturko gas hornidura berria egokitzeko (20.000 euro), markesina berriak jartzeko (20.000 euro), buzoien aldaketa egiteko (5.000 euro), argiteria publikoa berritzeko (10.000 euro) eta Antsorregi-Arriola baserrietara doan bidearen erdia berritzeko (40.000 euro) partidak nabarmendu daitezke.