- Osasunaz beste begirada bat zikloa bihartik otsailaren 6ra bitartean burutuko da Deban eta herritar guztiak gonbidatuta daude horren baitan burutuko diren ekintzetan (bost hitzaldi eta naturan egiteko bi saio praktiko) parte hartzera. Ekintza guztiak “edukiera mugatuarekin eta bizi dugun egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak hartuta” egingo dira. Antolatzaileen hitzetan, helburua “norbanakook gure osasunari eusteko ditugun gaitasun, ezagupen eta tresnez edo horien gabeziaz kontziente egitea; eta nahikoa ez direla ohartuz gero, elkarrekin egoera hori iraultzeko moduak bilatzea, ezagutzea eta barneratzea da; elkar zaintzean ere sakonduz”.

Arlo ezberdinetatik osasunaren alde lanean aritzen diren hainbat herritarrek sortutako Osasun Haziak taldeak antolatuta, zikloa bihar bertan jarriko da abian, Kultur Elkartean (19.00etan) eta 5G. Zer da? Zer eragin dute uhin elektromagnetikoek? izenburupean egingo den hitzaldi bikoitzarekin. Hasteko, 5G-aren moratoriarako Estatu eta Erkidegoko koordinakundeko kidea den Isabel Morenok hartuko du hitza (erderaz) eta horren ondoren Asier Arregi ingeniaria eta geobiologoaren txanda izango da (euskeraz).

Zikloak hilaren 21ean izango du jarraipena. Egun horretan Arturo Vinuesa familia medikuak Nola zaindu osasuna garai hauetan. Txertoa zu zeu zara hitzaldia eskainiko du Kultur Elkartean (19.00etan eta erderaz).

Bi egun beranduago, berriz, Dantza librea, gorputza askatzen izeneko tailerra izango da Debako hondartzan, 13.00etan eta Uxue Pascual dantza irakaslearen gidaritzapean.

Urtarrilaren 28an Goiuri Alberdi nutrizio eta osasunean doktorearen txanda izango da. Honek Zer da bizi-tza osasuntsua? Elikaduratik gure interdependentziak arakatzen gaia jorratuko du (euskeraz) Kultur Elkartean (19.00etan). Eta hitzaldiekin amaitzeko, Orioko Mandalara elkarteko koordinatzailea den Amaia Gozategik Heriotza eta dolua gure gizartean gaiari buruz hitz egingo du otsailaren 4an (euskeraz) Itziarko Burugorrin (19.00etan).

Azkenik, sendabelarrak ezagutzeko txangoa egongo da otsailaren 6an Lasturren, 11.00etan eta Gela Berdeak bideratuta. Informazio gehiago jaso nahi duenak osasunhaziak@protonmail.com helbidera idatz dezake.