- Azken asteotan pandemiaren bilakaera ona izaten ari dela ikusita, Udalak kultur ekitaldiak berreskuratzearen aldeko apustua egin du eta horiekin batera Antzerkiaz Blai ekimenaren aurtengo edizioa. Hori dela eta, antzerkizaleek beren zaletasuna asetzeko aukera izango dute datorren larunbatetik aurrera. Izan ere, puntu puntako lau antzezlanekin gozatzeko parada egongo da hilaren 5etik 8ra bitartean Mutrikun.

Hori bai, COVID-19ak sortutako osasun alarmaren ondorioz, aurtengo ikuskizun guztiak kiroldegian taularatuko dira (denak 18.00etan hasiko dira) eta, nola ez, egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak hartuta.

Emanaldi ezberdinetarako sarrerak atzo jarri ziren salgai (4 eurotan) eta ilara luzeak ekiditeko aurten Udalaren web gunearen bitartez erosteko aukera baliatu da. Guztira 128 lagunentzako lekua izango da saio bakoitzean eta "antzezlan bakoitzerako 32 sarrera Turismo Bulegoan salduko badira ere, beste guztiak Mutriku.eus web orrialdeko agenda atalean erosi ahalko dira". Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ahalko ditu gehienez.?

Antzerkiaz Blai egitasmoari hasiera emateko, Benetan Be konpainiaren Porno Vs Afrodita ikuskizuna (14 urtetik gorakoentzat) taularatuko da datorren larunbatean eta igandean Ttak teatro eta Kamikaze kolektiboak Matriuska antzezlana (helduentzat) aurkeztuko dute.

Hilaren 7an Vaiven Konpainiak Erlauntza antzezlana taularatuko du (helduentzat) eta 8an Tartean Teatroak publiko guztientzat aproposa den Ez dok hiru ikuskizuna aurkeztuko du.