- Atzo aurkeztu zuten Eibarreko udaletxean Eibarren aniztasuna ikasgai proiektua. Akebai plataformak, Udalak, Badihardugu elkarteak eta hiriko zazpi ikastetxeek elkarlanean garatutako egitasmoa da.

Egitasmoaren helburuak asko dira: "Eibarko hizkuntz aniztasuna eta aberastasuna azaleratzea; ikastetxeetan aniztasuna lantzeko materiala sortu eta irakasleen esku jartzea; jatorri ezberdineko pertsonak ezagutzea eta ulertzea; herritarren arteko bizikidetza eta integrazioa sustatzea; mundu osoko bizitza-historiak, memoria eta ohiturak herrian bertan jasotzea; migrazioen fenomenoaren eta arrazoien inguruko gogoeta egitea eta kulturartekotasunaren balio positiboei lotutako sentsibilizazioa egitea".

Helburu horiek lortzeko Badihardugu elkarteak Lehen Hezkuntzako eta atzerriko hizkuntzak dakizkiten hainbat jatorritako hamar ikasle eta hamar guraso elkarrizketatu ditu, "hainbat hizkuntza eta kultura ezagutzeko eta euskarak integrazio hizkuntza gisa duen balioa ere nabarmentzeko".

Edonola ere, elkarrizketa horien bitartez jasotako testigantzekin hainbat material prestatu ditu Badiharduguk: ikastetxeetan erabiltzeko eta herrian zabaltzeko bi ikus-entzunezko eta Ahotsak Ikasgelan webgunerako aniztasuna lantzeko material pedagogikoa (irakasleen eskura jarriko da). Horrez gain, lekukotasunak katalogatu eta landu dira, eta bideo pasarte guztiak 101 eLe webgunean jarri dira.

Egitasmoaren bultzatzaileek egindako lana "epe luzerako baliagarria gertatzea" nahi dute eta horregatik jasotako grabazioak erraz aurkitzeko eta erabiltzeko moduan sailkatu dira 101 eLe webgunean (gaika, hiztunaren eta hizkuntzaren arabera...).