- Udalak Azpilgoeta auzoa eraberritzeko proiektua abiatu zuen joan den astean. Egurki enpresak burutuko ditu lau hilabetez luzatuko diren lanak eta horretarako 282.504 euroko aurrekontua bideratuko da.

Udaletik azaldu dutenez, martxan jarritako obraren ardatza "pertsona ororentzako irisgarritasuna berma-tzea da". Beraz, "eremu osoa maila berean jarriko da, espaloiak jaitsiz eta oztopoak kenduz". Azken batean, abiatutako obrarekin "herritarrak auzoan eroso eta seguru sentitzea da". Hori lortzeko "oinezkoentzako guneak zabalduko dira eta ibilgailuen pasabidea kendu nahi da".

Proiektua Azpilgoetako erdiguneko 2.570 metro karratuko eremuan garatuko da: "laurel zaharra dagoen parkearen eremua handitu egingo da, gune hori erdiguneko plaza bilakatuz". Bertan, berdegune berriak egokituko dira, lorontzi, zuhaixka, banku eta abarrekin. Hala ere, ibilgailuak aparkatzeko plazak mantenduko dira. Auzotarren ekarpenak jasota, "erabilgarri ez diren espaloiak, gune aldapatsuegiak eta koxkak kenduko dira, horretarako araudiak irisgarritasun alorrean jartzen dituen baldintzak betez". Era berean, euri-uren eta ur beltzen sarea berrituko da.