- Ruper Ordorika abeslariak bakarka eskainiko duen kontzertu batek irekiko du bihar Soraluzeko Udaleko Kultura Batzordeak eta herriko hainbat eragilek hurrengo asteetarako prestatu duten Kulturaldia izeneko egitarau berezia.

Abeslari oñatiarraren kontzertua (konfinamendu ostean emango duen lehena) 19.30ean hasiko da Antzokian eta salgai geratzen diren azken sarrerak (35 bat) Iratxo goxodendan eta udaletxean eros daitezke (10 eurotan).

Bestalde, Soraluzeko baserritarrek eta artisauek azoka berezia egingo dute bihar (10.00etatik 14.30era bitartean) Plaza Zaharrean. Bertan Lesarri, Osuma, Arizaga eta Egotza baserrietako produktuak (barazkiak, ogia, postreak, gazta...) eta Oparitxoak, Orratz, Damy, Kilikilima, Aupa Gu! eta Saadia Nasir artisauen artikuluak (jantziak, osagarriak, bitxiak, egurrez egindako eskulanak...) eskuratzeko aukera izango da.