- Espainiako Gobernuak alarma egoeraren ondorioz ezarritako konfinamendua arintzeko faseak ezagutzera eman dituela eta, Eibarko Udalak datorren errealitate berriari egokitzeko aurreneko neurriak hartu ditu jada.

Hala, Udalak hiriko erdigunea eta Txaltxa Zelaiko eremua herritarren aisialdirako berreskuratuko ditu asteburutik aurrera.

Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, “datorren larunbatetik aurrera” erdigunea osatzen duten eremuak (Plaza Barria eta Toribio Etxebarria, Fermin Calbeton, Zuloaga eta Julian Etxeberria kaleak) oinezkoentzat izango dira berriro ere “ohiko ordutegian, hau da, larunbateko 15.00etatik igandeko 22.00etara bitartean”.

Hori dela eta, udaltzainek gogorarazten dute “kale horietan aparkatuta dauden ibilgailuak, nahitaez, kendu behar direla”.

Ildo beretik, Udalak herritarren-tzat berreskuratuko du azken asteotan aldi baterako aparkaleku gisa egokituta egon den Txaltxa Zelaiko parkea. Udaltzaingotik emandako azalpenei eutsiz, “Txaltxa Zelaiko aldi baterako aparkaleku-eremua aisialdirako gune gisa egokituko da, eta ondorioz, datorren larunbateko 8.00etatik aurrera debekatuta egongo da bertan aparkatzea”.

Horregatik, herritarrek eremu horretan lagatako ibilgailuak “ahalik eta lasterren kendu behar dituzte”.

Edonola ere, erdigunearen eta Txaltxa Zelaiko eremuaren inguruan hartutako erabakiei buruzko zalantzaren bat duenak Udaltzaingoaren 943 708 424 ? telefono zenbakira dei dezake.