- Igandean Ertzaintzak eta Debabarreneko herrietako udaltzainek nahiko lan izan zuten eskualdeko kale, aisialdi gune edota nekazal eremuetan lasai asko zebilen jendea bertan ezin zela egon azaldu eta etxera bidaltzeko.

Hala ere, atzokoan egoera guztiz ezberdina zen eta bailarako alkateek jakinarazi dutenez herritar gehienak ondo betetzen ari ziren agintariek koronabirusaren zabalkundearen aurka emandako gomendio eta aginduak.

Miguel de los Toyos, Eibarko alkateak, azaldutakoari eutsiz, “beti dago baten bat ez dela egoeraz enteratzen edo ez duela enteratu nahi baina orokorrean esan dezakegu eibartar gehienak zentzuarekin ari direla jokatzen eta agindutakoa betetzen”. Hori bai, “pultsoa botatzeko asmoa” duenari gogorarazten dio “isunak izango direla kalera paseatzera edo kirola egitera ateratzen direnentzat”.

Egoera “oso zaila” dela onartu arren, Ane Beitia, Elgoibarko alkateak, pozik agertu zen elgoibartarrek atzo erakutsi zuten “zentzuzko jarrerarekin”. Bere hitzetan, “igandean nahiko jende ibili omen ziren kaletik etxean geratzeko emandako aginduari kaso egin gabe baina astelehen honetan jendea lasai ibili da kaletik errekauak egiten eta agindutako segurtasun distantzia mantentzen”.

Ildo beretik, Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkateak, eta Gilen Garcia, Debako alkateak, bat egin zuten beren herrietan “aparteko arazorik ez” dela egon azpimarratzerakoan. Beraien esanetan, “orokorrean, herritarrak ondo erantzuten ari dira astelehen honetan”.

Egoera antzerakoa zen atzo Soraluzen eta Mendaron.

Iker Aldazabal eta Iñaki Arregi, bi herri horietako alkateek, irekita zeuden establezimenduetara sartzerako orduan herritarrek “ezarritako segurtasun distantziak mantenduz” erakutsitako “jarrera arduratsua” nabarmendu zuten.

Hori bai, Iker Aldazabalek onartu zuen igandean hainbat gazte ibili zirela herriko kaleetatik. Horregatik Soraluzeko Udalak udaltzainen presentzia handitu zuen atzo herriko kaleetan, “bizitzen ari garen egoera berezi eta zail honetaz enteratu ez denari informazioa eman eta etxean geratzeko emandako agindua bete behar duela jakinarazteko”.

Datu ofizialak ez badira ere, eta zenbakiak une batetik bestera aldatu daitezkeela jakitun, atzo koronabirusak kutsatutako lau kasu konfirmatuta zeuden Debabarrenean; denak Eibarren.

De los Toyos alkateak Eibarren “lau positiboren berri” zituztela azaldu zuen eta beste herrietako alkateek, berriz, momentuz beren herrietan konfirmatutako kasurik ez zegoela esan zuten. Hori bai, “birusaren bilakaera ikusita, edozein momentutan ager daitezke”, onartu zuten.