Sutegiko fatxadaren kasuan, udan hasi behar zuten obrarekin, baina lizitazioa eskuratu zuen enpresak ez du dokumentazioa behar bezala aurkeztu, eta hori izan da obra etengabe atzeratu eta, azkenean, bertan behera gelditzeko arrazoia. Proiektu horretarako ia 90.000 euro gordeak zituen Udalak. Momentuz, erabiliko ez duenez, diru-poltsa komunera joango da. Proiektua berriz ere lizitatzera atera ahal izateko, beharrezkoa da prezioak berrikustea, zenbait material merkatuan lortzeko zailtasunak prezioen garestitzea baitakar. Martxotik aurrera, aukerarik badago, berriz lizitatuko dute proiektua.

Gainera, Sagardo plazaren berrurbanizazioa azaroan hasi behar zuten arren, hornidura arazoek zuzenean eragin diote egin nahi den esku-har-tzeari: batik bat, altzariak jarri eta pintaketa lanak egingo dituzte. Dena ondo bidean, hilabete honetan burutuko dute.

Txirikordari dagokionez, obrak hasteko moduan dira. Eraikitzen hasi aurretik, ordea, lurzorua egonkortzeko lanak egin behar dituztela ohartarazi du kontratistak, eta, beraz, espero baino gehiago luza daiteke lanen iraupena.

Azkenik, urte hasieran aterako dituzte lizitatzera Pelaioenea barrutik egituratu eta ekipatzeko lanak. 2020 eta 2021 artean egindako parte-hartze prozesuen bidez zehaztu zen eraikina nola antolatu.