Usurbil | Aranerreka, Usurbilgo parke nagusia

30.09.2021 | 00:40
Lur Etxeberria zinegotzia eta Iñigo Segurola paisajista Agerrazpin.

Agerrazpiko urbanizazio lanak aprobetxatuko dituzte erreka inguruan 6,5 hektareako berdegunea atontzeko

Datozen asteetan Usurbilgo Agerrazpi eremuko urbanizazio lanak hasiko dira, eta, besteak beste, Aranerreka inguruan ere zenbait esku-hartze egingo dituzte. Aburuza enpresa da Agerrazpiko eremuaren jabea eta etxebizitzak egingo ditu bertan, baina horren aurretik ingurua urbaniza-tzeko lanak egitea erabaki du.

Dena den, orain zati horretako obrak abiatuko dituzten arren, Aranerreka bere osotasunean aztertu eta hobetzeko azterlana egina du Lur Paisajistak SL estudioak Udalarekin elkarlanean.

Aurrera begira, zenbait hobekun-tza egin nahi ditu Udalak Aranerrekan eta, elkarlan horren bidez, eremu guztian paisaia irizpide berberak jarraitzea bermatu nahi dute. Usurbilgo Udalak Aranerreka 6,5 Ha-ko azalera izango duen herri parkea izan dadin nahi du, alegia, herriko parke nagusiena bilakatuko da.

Udaletik azaldu zutenez, Agerrazpiko eremuaren barruan dago Aranerrekaren zati bat, eta albo banatan izango ditu Ugartondoko eta Agerrazpiko urbanizazioak. Bi-biek Aranerrekako parkearen garrantzia areagotuko dute, Lur Etxeberria zinegotziaren esanetan. "Herrigunean bertan naturagune zabal bat izango dugu, erosoa eta atsegina. Horrez gain, herria hazten ari da (Ugartondo, Agerrazpi, Kalezar, Matia), eta, beraz, Aranerrekak guztien lotura egin dezan nahi dugu, eta, horretarako, sarbide gehiago izango ditu etorkizunean. Egunerokoan, herriko joan-etorriak erosoago izan daitezen lagunduko du, baita ere, herriko gune desberdinak lotuz", azpimarratu zuen.

Parkea bere osotasunean hartuta, hiru zati desberdindu daitezke. Batetik, herrigunetik hurbilen dagoen zatia: hau garatuta dago dagoeneko, baina aurrerago hobekuntzak egitea da Udalaren asmoa. Bestetik, parkearen beste muturra dago: hori da datozen asteetan Lur Paisajistak SL enpresak garatuko duena.

"Erakarpen elementuak izango ditu, mahaiak, aulkiak... Tartean gelditzen den banbuen zutabea kendu egingo dugu, espazio jarraitua izan dadin, eta haritzak ere landatuko ditugu. Bertako baserriak herrigunearekin lotzeko bide berri bat sortuko dugu, parkea oinezkoentzako soilik izan dadin", azaldu zuen Iñigo Segurola paisajistak.

Azkenik, Puntapaxeko zubiaren inguruan, bi muturrak lotzeko lanak egingo ditu Udalak aurrerago, Aranerrekako zirkuitua sortzeko asmoz.

Hauek ez dira inguruan egiten diren lehenengo hobekuntzak. Aranerrekako erreka eta horren ingurua biziberritzeko lanak egin zituen Udalak duela hiruzpalau urte. Horrez gain, Kale Irekiak parte-har-tze prozesuan, parkean jolaserako elementuak sortzeko eskatu zuten haurrek, haiekin propio egindako saioetan. Gainera, aurtengo udaberrian bertan, Kalezar azpiko zatian, garbiketa lanak egin ditu. "Udalak orduan abiatutako bideari jarraipena eman nahi dio aurrera begira", azaldu zuen Etxeberriak.

noticias de noticiasdegipuzkoa