Usurbil | Usurbilek aberastasuna birbanatzea du helburu Ordenantza Fiskalei esker

"Anbizio handiko hobariak" ezarriko ditu laguntzak 4.000 herritarrei iristeko

27.09.2021 | 00:45
Hondakinak 'atez ate' jasotzeko zintzilikarioak. Argazkia: N.G.

Usurbil – Urtero bezala, Usurbilgo Udalak Ordenantza Fiskalak eguneratu behar ditu, baina oraingo honetan udal Gobernua zerga politikan "jauzia" egin eta udalerriko aberastasuna birbanatzeko helburua bilatu nahi duela esan du. Gobernu taldeak "ezohiko neurriak" iragarri ditu, "gehiago dutenek gehiago ordaintzeko, gutxien dutenek gutxiago ordaindu ahal izateko".

Horretarako bi neurri nagusi har-tzea proposatuko du aste honetan burutuko den Ohiko Osoko Bilkuran. Lehenengoa, hobariak jasotzeko eskubideak eta aukerak nabarmen zabaltzea da, eta tasa eta prezio publiko gehiagotan aplikatzeko aukera sortu. Hala, hobarien onura jaso dezaketen herritarrak 4.000tik gora izan daitezke; bizikidetza unitateen errentaren arabera, %90erainoko hobariak eskuratu ahal izango dira. "Anbizio handiko hobari horiek" finantzatu ahal izateko, jarduera ekonomikoaren zerga ordain-tzen dutenek (hau da, milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresek) gehiago ordaindu beharko dute: industriaguneetan kokatutakoek %20 gehiago eta, aldiz, kaxkoan eta herriguneetan dauden enpresek %20 gutxiago.

Bestalde, bigarren neurria, zergak, tasak eta prezio publikoak KPIaren azpitik igotzea proposatu du udal Gobernuak. %1,5 igoko dira, %3an beharrean.

Alabaina, hondakinen tasa nabarmen igoko da, %10, datorren urtean. Zati finkoa 86,04 eurotik 94,6 eurora pasatuko da, etxebizitzen kasuan. Zati aldakorra gehiago igoko da: etxeetako errefusa unitatearengatik euro bat kobratu beharrean, 1,5 euro ordainduko da, eta, horrez gain, egoki sailkatzen ez bada, hirukoitza beharrean, boskoitza kobratuko da. "Modu honetan, kutsatzen duenak ordain dezala printzipioa are gehiago nabarmendu nahi du Udalak: hau da, errefusa gehiago zamatuko da aurrerantzean", adierazi du udal Gobernuak.

Erabaki hau hartu behar izan dute "desoreka nabarmena dagoelako gastuen eta sarreren artean". "Jakin badakigu ez dugula egun batetik bestera orekatuko, baina horri aurre egiteko neurriak hartu behar ditugu", azaldu dute.

Gainera, gogorazi dutenez, "Usurbilen hondakinen atez ateko bilketa ezarri zenetik, inoiz ez da igo hondakinen tasa". "Hau da, hamahiru urte hauetan ez da ukitu, nahiz eta gastuek gora egin duten, esaterako, organikoaren eta errefusaren tratamendu gastuak gora egin zuten duela lauzpabost urte, modu nabarmenean", argitu dute.

Neurri orokorra zergak eta tasak 2022an %1,5 igotzea izango da, baina salbuespen bat dago: zaborra %10 garestituko da

noticias de noticiasdegipuzkoa